“Emakume burujabeak nahi ditugu”

maider-azurmendi 2014ko martxoaren 7a

Jendartean hain errotuta dagoen printzesaren irudiarekin amaitu behar dela esaten da egun berdintasunerako bidean pausoak emateko. Ipuinek belaunaldiz-belaunaldi transmititu dituzten baloreak aipatzen dira behin eta berriro baina zein neurritan eragiten dute? Bea Egizabal ipuin kontalariak argi dauka ipuin klasiko edo maitagarrien istorioek paper garrantzitsua izan dutela emakumearen irudi kolektiboan. Heziketa da giltza rol eta estereotipoak aldatzeko baina bidea oraindik luzea dela irizten du.

Manuel Lekuonan duela hilabete batzuk Okendo Zinema taldearen urteurrena zela eta, clown bidez hainbat eszena antzeztu genituen umeen filmaren aurretik. Horietako batean, Cesar dorre batean bezala kokatu eta ni zaldiaren gainean joango banintz bezala hurbiltzen hasi nintzen bera salbatzera. Umeak oihuka hasi zitzaizkigun, alderantziz! alderantziz! Oholtzaren beste aldean jarri ginen eta umeak ozenago hasi ziren esaten horrela ezetz. Halako batean, ume batek esan zuen: mutilak salbatu behar du neska! eta gainontzekoek arrazoia eman zioten. Gauza asko aldatu dira, baina tamalez oraindik egoera horretan kokatu behar gara, emakumeak  dira salbatuak izan behar direnak ezta gizonak printzipe ausartak”.

Ipuinak sexistak dira?
Bai izan daitezke. Kontutan izanda zein gizartetan bizi garen gehiengo bat sexista da, genero rolak oso markatuta dituzte. Ipuin sexista esateko garaian, ipuin klasikoez ari garela uste dugu baina egungo ipuinen artean ere aurki daitezke sexuen arteko rol eta estereotipoetara jotzen dutenak eta horrek esan nahi du ez ditugula oraindik gainditu generoen arteko desberdintasun, rol eta estereotipo horiek. Hor dago arazoa.

Hala balitz, kontutan izan behar dugu ipuin klasikoak anekdotikoak liratekeela gure jendartean. Hau da, balioko lukete esateko begira nola zen emakumearen papera garai batean...

Zenbat eragiten dute ipuinek umeen gizarteratzean?
Eragina uste baino handiagoa da. Umeak sormenarekin lotzen dira normalean, hau da, erraz esaten dugu imajinazio handia dutela baina hauek egiten dutena da euren errealitatea imitatu. Errealitate horretan dauden balore edo estereotipoak dira imitatzen dituztenak.Horrekin esan nahi dut ipuina bai oso tresna baliagarria dela irudimena, sormena eta dibertimendurako baina tresna besterik ez. Familia, eskola, telebista, internet... eragin handiagoa dute.

Ipuin klasikoetan jarri behar dugu diskriminazioari dagokionez arreta?
Bai egun ipuin eskaintza zabalagoa dago horregatik bereiztu behar ditugu egungo ipuinak eta klasikoak edo maitagarrien istorioak. Izan ere, azken bi hauetan dago generoari dagokion trataeran kezka edo eztabaida handiena. Mota askotako diskriminazioak aurki daitezkeela aipatu beharko genuke ez soilik generoari dagozkionak. Ahozkotasunetik datozen ipuinak dira, aspaldikoak eta bidaltzen dituzten mezuak oso errotuta dauzkagu. Bestalde, oso ondo egituratutako ipuinak dira, erakargarriak, entreteni-tzen dute, fantasia nahikoa dute. Zer dute txarra? Ez gatoz eta ez gaude berdintasun gizarte batean eta hori islatzen dute primeran.

Ipuin hauek alda daitezke?
Tradizioaren izenean zaindu behar omen ditugu ipuin hauek batzuen iritziz, beste batzuek diote eguneratu behar direla gizartea aldatu delako. Baina horren aurrean gogoeta egin behar dugu, zein da jatorrizko bertsioa? Guri iritsi zaizkigunak askotan, ez dute zerikusirik jatorrizkoarekin. Lehenengo ipuin bilduma XVIII. mendekoa da baina aurrez bazeuden ahozkotasunean. Txanogorritxu desberdina da Perraultek idatzi zuena, Disneyk zabaldu duena edo norberak etxean jaso duena. 

Adibidez, Txanogorritxuren ehiztaria asmakizun bat da... garaiko testuinguruan ipuina berari beste zentzu bat emateko. Errauskinerenean itzulpena egiterakoan zapata larruzkoa beharrean kristalezkoa zela jarri zen eta ondorioz, fantasia irudipen hori indartu da tradizio horretan.  Egia da ere ipuin hauek aldatzen hasita, agian hobe dela zuzenean beste ipuin bat kontatzea. 

Euskal tradizioan antzeko. Gurean emakumeek indarra dute lamiak, basanderea, Mari... Horiek ele zahar, mito edo ipuin egin dira eta berdin, ez dakizkigu jatorrizko istorioak. Bilduma egin dutenen bertsioak iritsi dira gurera, idatziz jarri zituztenena. Eskertu behar dugu egindako lana baina kontutan izan behar dugu ere gizonak eta apaizak zirela lan hau burutu zutenak. Zergatik ipuin hauek bai eta beste batzuk ez dira iritsi? Egon badira historian ezkondu nahi ez zuten printzesak, printzipe beldurtiak, hiru senar nahi zituen printzesa... Horiek ez dira erraz aurkitzen. 

Ipuin hauetako printzesek zer adierazten dute?
Maitagarrien ipuinetan, printzesen papera aspergarria eta errepikakorra da. Horrek min asko egin du eta egiten du. Emakumeak zori txarrean bizi dira, baina onak, goxoak, ulerkorrak... dira ez dute ezer erabakitzen, eta salbatzea doazenean ere ez dute ia ezer egiten. Txiki-txikitatik hauen eraginez jaso eta ulertzen dugu halako emakumeak izan behar garela handitan saria jasotzeko, hau da, bizitza triste horretatik salbatuak izateko. 

Nahiz eta “lo egon” gu hautatuko gaitu salbatzaileak eta dena konponduko du ipuinetan bezala. Jarrera hau behin ikusiko bagenu, tira baina gure ipuin tradizioan askotan errepikatzen den rola da eta gainera ez dugu soilik ipuinetan ikusten, gure eguneroko bizitzan, inguruan ditugun estereotipoak dira. 
Ez ditugu printzesa sumisak nahi, emakume burujabeak nahi ditugu, aktiboak, bere bizitzen jabe direnak, erabakiak hartzeko eta maitasuna beste era batera bizi behar duten emakume eta gizonezkoak.

Mutilei printzesen ipuinak ez zaizkie kontatzen...
Ez daude nesken ipuinak eta mutilen ipuinak, daude ipuinak. Bereizketa hori egiten dugun neurrian, sakontzen goaz arazoan. Umearen  identifikazio mailan ari gara eragiten. Egia da ere, ipuin hauen arabera gizona beti izan behar dela ausarta eta hori presio bat ere bada. Baina esango nuke rol deserosoena emakumearena dela beti. 

Neskak printzesak eta gizonak super-heroiak? Aldatu al da hau?
Aldaketa gertatu da gizartea aldatzen ari delako baina oso mantsoa da eta asko borrokatu beharrekoa. Gero eta jende gehiago dago ez dagoena prest tokatu zaion rolean egoteko. Baimenduta dute neskek gizonezkoen esparruak izan direnetan sartzen hau da, neskak futbolean badaude baina preziatuagoa da gizonezkoarena, emakumeei hor sartzen uztea ondo ikusita dago baina mutila nesken rolean nahi badu sartu, zaintzan etab. hori gaizki ikusita dagoenez, ez dakit oraindik nahikoa baimentzen den.

Askotan nahi dugu hitz egin bi genero egongo ez balira bezala, baina badaude. Errealitatea aldatu da eta gu ez gara printzesa horiek baina zoriontasunaren eredu bezala maitasun erromantiko hori dago oraindik ideario kolektiboan. Maitasuna bai baina zer gaude prest egiteko kanpoko maitasun hori lortzeko? Oso lotuta dago klasikoetatik datorkigunarekin. 

Ipuin kontalarien artean badago eztabaida generoaren trataeran?
Bai noski, folklorean, bertsotan... esparru guztietan dagoen eztabaida da gizarte patriarkal batean gaude eta horrek sor-tzen du hika mika eroso daudenen artean, eta eroso ez daudenen artean. Tradizioa gure altxorra dela esaten dutenei, benetako bertsioak ezagutu nahi ditudala erantzuten diet.

Gurasoek arreta jarri behar dute gai honetan...
Bai baina baita jostailuekin, telebista saioekin… Ipuinak tresna bat dira soilik eta ezin da ipuinen bitartez, jendarte, errealitate oso bat aldatu. Baina ipuinak aldatzea errazagoa denez, has gaitezen nonbaitetik! Niretzat estereotipoak apurtzea da giltza, nire kontakizunetan gustatzen zait hori egitea, ez da ipuin osoa aldatu behar baina autobus gidaria ez da zertan gizona izan behar, okina, iturgina, alkatea...emakumea izan daiteke. 

Belaunaldi berrietan aldaketarik nabaritzen al da? 
Urte askotan izango da Martxoaren 8aren beharra. Manuel Lekuonan gertatutakoa da horren adierazgarria. Hala ere, aurrerapausoak eman direla uste dut. Feminismoaren borroka gero eta zabalduagoa eta sendoagoa dela iruditzen zait, emakumeak prestatuagoak gaude intelektualki. Jendartea guretzat aldatu da eta baliatu gara baliabide berriez baina kontra egiten dutenak ere eszenatoki berean ditugu.