Emakumeen zentroak atzo hasi zuen Martxoaren 8aren inguruan egin ohi diren ekintzen egitaraua. Villa Mirentxun herritarrak elkartu zituzten Espainiako gobernuak martxan jarri nahi duen abortuaren inguruko legeaz mintzatzeko.
Joana Azpitarte Emakumeen zentroko teknikaria arduratu zen aurkezpena egiteaz. Berak 2010.urteko legearen inguruko informazioa eman zuen eta gobernuaren lege berriak dakartzan aldaketak plazaratu zituen. Azalpenetan lagun izan zuen Fernando Vaquerizo herritarra. Mundubat gobernuz kanpoko erakundeko kideak munduko beste herrialde batzuetan emakumeen eskubideen inguru ikuspuntua emateko.
Lege berria
Joana Azpitartek azaldu zuenez, 2010. urtean onartutako epeen eredua bertan behera utzi, eta baldintzenari heldu dio gobernuak. Orain arte hamalaugarren astera arte baldintzarik gabe aborta liteke, aurrerantzean, bi arrazoi aurreikusten dira. Batetik, andrearen osasun fisikoa edo psikikoa arriskuan egotea, edo bortxaketa bat jasan izana. Bortxaketen kasuan, hamabi asteko epea jarriko dute abortatzeko, eta salaketa jarrita egon beharko da. Osasun arriskuaren kasuan, berriz, muga 22. astean egongo da. 22. astea igarota, jaio egin beharko du umeak. Andrea eta enbrioia parean jarri ditu gobernuak. Justizia ministroak dio bien eskubideak hartu behar direla aintzat. Bestalde, adingabeek gurasoen baimena beharko dute abortatzeko. Egun 16 eta 18 urte artekoek ez dute derrigorrez baimena eduki behar.
Lege berrian enbrioiak malformazioak izatea ez da arrazoi nahikoa izango abortatzeko. Eta abortua onartu ahal izateko, hiru sendagileren baiezkoa beharko du emakumeak: abortua bera egingo duenarena, eta hori onetsiko duten beste birena. Bi mediku horiek ezingo dute izan abortua egingo den klinikako langileak. Andreari “aholkularitza” emango diote, gainera. Eta abortua bera egin baino lehen astebeteko epea igaro beharko du paperak egiten direnetik, “gogoeta egiteko”. Aurreikusten da ere, azken momentuan atzera egin ahalko dutela medikuek kontzientzia eragozpena adierazita.
Villa Mirentxun hausnarketarako hiru galdera plazaratu ziren, eskubideei begira ba al du legean aldaketa? nork eskatu du lege aldaketa hau? eta zeintzuk izango dira lege honen ondorioak? Hauen inguruan gogoeta egin zuten bertaratutakoek.
Martxoak 8
Gaurkoan, Lan eta Lan herriko antzerki taldeak “Cinco mujeres con el mismo vestido” antzezlana egingo du Manuel Lekuonan 19:30ean. Ostean, Goiegin egingo dute urteroko afaria. Bihar martxoaren 8a izanda, 12:00etan elkarretaratzea egingo da Okendo plazan “emakumeen eskubideen alde” lemapean. 20:00etan Kukukak Manuel Lekuonako kafetegian “Begiratu eta ikusi ez” antzezlana egingo du. Azkenik, 13an emakumeen zentroan 18:30ean “Alardearen seme-alabak” dokumentala ikusi eta solasaldia egiteko aukera izango da Jone Karres zuzendariarekin. Herritarrak ekintzetan parte hartzera deitzen dituzte emakumearen zentrotik.