Jendeak geroz eta ohitura gehiago du halako hitz gakoak sare sozialetan erabil-tzeko eta honetaz konturatuta, udalak #SPJ14 traola proposatzen digu aurtengo festetarako. Hala ere, honen erabilera jaietan ez ezik, antolaketarako diren hilabete hauetan martxan jartzeko deia egiten da. Hauen inguruko edozein proposamen egiteko erabiltzea nahi dute.
Jaietan Blai!
Gogoratu behar da dagoeneko herriko festak antolatzeko Jaietan Blai! prozesuaren baitan aurreikusitako bi bilera irekiak egin direla. Bertan esandakoa jaso eta orain udaleko teknikariei dagokie bilera hauetan esandakoa kontutan hartuta jai egitaraua gauzatzea. Hilabete hauetan hala ere, udala prest azaltzen da herritarren proposamen zehatzei tartea egiteko eta horretarako hain zuzen, abiatu du #SPJ14 kanpaina. “Zer proposatzen duzu San Pedro hauetarako? Zein musika estilo edo zein talde gustatuko litzaizuke aurtengo festetan? Zein lehiaketa nahiko zenuke? Gastronomikoa? Kulturala? Kale ikuskizunik ikusi nahiko zenuke?”
Twitter eta Facebook
San Pedro jaietarako ideiak proposatzeko aukera twitter bidez, #SPJ14 traola duen mezua idatziz, edo Udaletxeko Facebook orrialdeetan argitaratzea animatzen dituzte herritarrak. Helburua lasarteoriatarren ekarpenetatik sortutako festak osatzea da, aurreko urteetan bezala, eta ahalik eta parte hartze handiena lortu antolatzen diren ekintza guztietan. Aipatu behar da, iazko San Pedro jaiei twitterren, presentzia emateko Txintxarri-k #SPJ13 traola erabiltzeko gonbitea luzatu eta oso harrera ona izan zuela.