Urtean barrena nor bere bidean joaten da gutako bakoitza. Lana duena ohiko lan-martxan, umeak dituena haiek sortzen duten festa giroan eta oro har denok, dela errutina betean, dela ihesbide gutxi dituen jardunean. Eta hala izaten da eguna joan, eguna etorri, astea estreinatu, astea agurtu, hilabeteen hegaldi amaigabean. 

Horregatik estimatu izan dut beti, eta uste dut horregatik maite duela askok eta askok, ihauterialdia. Aipatutako guzti hori hankaz gora jartzen duen ospakizuna izaten delako, ezarritakoa hausten duelako eta arautegi, legedi, ohitura eta txukunkeria guztiei barre egiten dielako ihauterietako jaiak. Elizkoi denak ez du seguru asko lekaime edo fraide jantzirik hartuko, trufa egiten ari zaiolakoan elizari. Bai ordea erakunde horren hatzaparrari batere atxikimendurik ez dionak. Botere izan delako mendeetan zehar eta gaur egun, sutan kiskali arterainoko heriotza ezartzeko ahalmenik ez duen garaian, harenganako mendeku txikiak burutu daitezkeelako.

Eliza ez da adibide bat besterik ordea. Berdin gertatzen da politikariekin, botere ekonomikoarekin edota guardia zibilarekin. Trufa, iseka, txantxa eragiten dute herritarren adimenetan eta adimena bera hori adierazteko ahaleginean hasten da, makinaria oso bat helburu hori heltzeko asmotan. Ariketa alai, harrigarri eta burutsu horren adibiderik onena Tolosa da zalantzarik gabe baina Gora Lasarte!! Ze dedioro, Okendo aldean txaloka hasteko moduko mozorroak bildu ziren eta! Tartean Zakilibilly taldekoenak. Etxera ari naiz begira bai, halaxe da.