Dantzan egitasmoak hiru ikuskizun ekarriko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 6a

Eusko Jaurlaritzaren Dantzan egitasmoaren baitan hiru dantza ikuskizun izango dira Lasarte-Orian datozen hilabeteetan. Lehenengoa Asier Zabaletaren "N.A.N" lana izango da martxoaren 15ean 20:00etan kultur-etxean eta dagoeneko sarrerak salgai daude. Udaleko kultura sailetik puntako dantza garaikide lanak ikustera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Eusko Jaurlaritzak sustatutako Dantzan egitasmoa herrira iritsiko da beste behin eta honi esker, lehen mailako dantza garaikide ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Manuel Lekuonako areto nagusian eta Okendo plazan. 

Lehenengoa, Asier Zabaletak zuzendutako “N.A.N” lana izango da gurean Zabaleta beraren Ertza dantza antzerki taldearen eskutik.  2012an Zabaletaren “Act of God” lana ikusi ahal izan zen herrian, orduan, Harkaitz Canorekin batera prestatutako dantza ikuskizuna aurkeztera etorri ziren udaleko kultura sailak gonbidatuta. Asier Zabaletak oraingoan “N.A.N” ekarriko du. Bere herriarekin aurrez aurre jarri eta hainbat aitorpen egiteko beharretik sortutako lana dela azaltzen du. “Herria, ez soilik lurralde ikuspegi bezala, ohitura, sinbolo, sineskera eta jokamolde komunak konpartitzen dituen gizatalde bezala”. 

Martxoak 15
Dantza garaikidea, testua, bideoa eta zuzeneko musika uztartuz, nortasunaren eta nazionalitatearen mugetatik at doan bidaia eszeniko bezala deskribatzen du Zabaletak datorren larunbatean ikusi ahal izango den lanaz.

Iñar Sastre piano-jolearen doinuek lagunduta, herria, nazioa edo aberria bezalako kontzeptuen inguruan hausnartzeko gonbidapena luzatu nahi dute dantzaren bidez. Esan bezala hitzordua, martxoaren 15ean izango da 20:00etan Manuel Lekuonan. Dagoeneko sarrerak eskuratu daitezke, Internet bidez lasarte-oria.org/kultura atalean sartuta, 5,40 euro edo leihatilan 6,60 euro.

Kukai Okendon
Larunbateko lanaz gain, beste bi dantza ikuskizun izango dira datozen hilabeteetan gurean. 
Uztailaren 11ean Kukai dantza konpainia berriz ere gurera etorriko da “Gelajauziak” bere azken lana aurkezteko. 
Proiektu hau Jon Maya eta Cesc Gelabert koreografoaren harremanetik eta elkarrekin egindako gogoetatik sortutakoa da. Dantza eta arteari buruzko ikuspegi ezberdinak dituzte bi koreografoek baina aldi berean, baita gogoeta komunak ere. 

Dantza zein kultura tradizionalak gaur egungo gizarte eta artearen munduan duen lekuaz gogoeta eginez abiatu zuten elkarlana eurek azaldu moduan. Hausnarketa horiek praktikara eramanda sortu da “Gelajauziak”. Oinarrian Gipuzkoako soinu-zarrak eta Lapurdiko dantza-jauziak hartu dituztelarik. Pieza hau aurkezteko gunea enparantza dela diote sortzaileek “dantza jauziek eta soinu-zarrek duten balio soziala, elkargune izateko gaitasuna... plazan hartzen du zentzua”. Horrela izanda, 20:00etan Okendon ikusi ahal izango da ikuskizun hau.

Bestalde, udazkenean, egitasmoaren baitako azken ikuskizuna iritsiko da Daniel Abreu Tenerifeko koreografoaren eskutik eta bere “Silencio” dantza ikuskizunarekin. Urriaren 25ean ikusi ahal izango da 20:00etan Manuel Lekuona kultur-etxean. “Hutsik dagoen edozein espazio betetzen bukatzen da eta isiltasuna zaila da aurki-tzen”. Zuzendariaren arabera, dantza ikuskizunak hainbat paisaia ekarriko ditu ikuslearen gogora eta honen baitan sentimenduen bilaketara joko du.Udaleko kultura sailetik lehen mailako dantza ikuskizunez gozatzeko deia egiten diete herritarrei.