“Argizaiola” desagertu da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 5a

Juan Jose Mendiluzeren oroimenean Atsobakarren jarrita zegoen eskultura desagertu egin dela jakitera eman du udalak. Hau berreskuratzeko herritarren laguntza eskatu da.

Juan Jose Mendiluzeren oroimenean eta ekimen herritar baten bitartez, Gotzon Huegunek eginiko eskultura Atsobakarren zegoen kokatua eta iazko ekainean jarri zen berriro ere bere lekuan eraberritze lan batzuen ondoren. “Argizaiola” duela 18 urte zendu zen Juan Jose Mendiluzeren oroimenean eta beregan pertsonifikatzen den boluntarioen lanari eskainia dago. Bera, Danok kide elkarteko lehendakaria izan zen eta bere urte askotako kooperazio lana aitortu nahi izan zuten herritarrek eskultura honekin. 

Udalak desagerpenaren berri eman nahi izan du eta bide batez, herritarren laguntza eskatzen du hau berreskuratu ahal izateko. Udalak gertaera honen inguruan informazioaren bat izanez gero Udaltzaingora jotzea eskatzen die herritarrei. Udaletik azaldu dutenez, herritar batek eman zuen desagerpenaren berri.