Mikel Landa ere bikotekako Trinket txapelketako finalean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 5a

Asteleheneko Txintxarrin Intzako Aritz Solano eta Adur Etxezarreta jubenil bikotea Gipuzkoako Trinket txapelketako finala jokatuko zutela argitaratu genuen, baina ez dira herritar bakarrak izango. Usurbil taldean dabilen Mikel Landa ere senior mailako finalean izango baita.

Bihar, 16:00etatik aurrera, Irurako Ametsa trinketan Gipuzkoako Trinket txapelketako bikotekako txapelketako finalak izango dira eta bakarkako txapelketan izan zen bezala, Lasarte-Oriako pilotariak izango dira.

Jubenil mailan, Intzako Aritz Solanok eta Adur Etxezarretak Oiarpeko Xabi Azpiroz eta Andoni Flores bikotearen aurka jokatuko du. Partida parekatua da, baina sakeetako erantzunetan adi ibili beharko da Intzako bikotea. Solanok bakarkako txapelketako arantza kendu ahal du.

Mikel Landa herritarrak, berriz, Enrike Huici usurbildarrarekin batera Behar Zana taldeko Arruti eta Esnaolari egin beharko dio aurre senior mailan. Landak bakarkako txapelketan lortutako garaipena errepikatzeko aukerak ditu.

GRAVNI eta Berria txapelketa

Honetaz gain, Intzako arduradunak jakin arazi digunez, Axier Arteaga, Aritz Solano eta Mikel Landa herritarrak Gipuzkoako selekzioarekin GRAVNI (Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta iparralde) jokatuko dute. Arteaga pilotalekuan lehiatuko da eta Solano eta Landa, berriz, trinketan.

Bestalde, Intzak Berria txapelketako sailkapen saioa dute bihar, 19:30etatik aurrera Alegin. Kadete, jubenil eta seniorrek Intxurre taldeko bikoteen aurka jokatuko dute. Joxe Felix Solanok aipatu digunez, sailkapena zail dago. Kadeteetan Alegiko bikoteak maila hobeagoa du; jubenil eta seniorretan arerio gogorrak dituzte, baina ongi lan eginez gero aukerarik badagoela uste du Solanok.