Martxoaren 8rako egitarau berezia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko martxoaren 3a

Emakumearen Nazioarteko eguna ospatzeko ekintza egitarau berezia antolatu du Emakumeen zentroak martxoaren 6tik 13ra. Ostiraleko aurkezpenean Gorka Lizarraga zinegotziak eta zentroko ordezkariek azaldu zutenez, aurten ekin-tzen antolaketan jardun da berriki sortutako erabiltzaileen batzordea. Lehenengo aldiz ere egitarau honetan parte hartuko du Kukuka antzerki eta dantza eskolak formato txikiko antzerki batekin.

Gorka Lizarragak, Emakumeen zentroko langileek eta erabiltzaile zein antzerki taldeetako ordezkariek, aurkeztu zuten ostiralean Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko eguna dela eta prestatutako ekintza egitaraua. 

Honakoa Lizarragak azaldu bezala, adostua izan da zentroan duela gutxi sortu den batzordeagatik eta bestalde, “Kukukak bere aportazioa egin nahi izan du aurten lehenengoz. Garrantzitsua iruditzen zaigu ere egitarauaren barruan, abortuaren legearen gaiari lekua egitea, pil-pilean dagoen gaia da eta honen inguruan foroa egingo da”. 

Emakumeen zentrotik, “egitaraua osatzeko garaian emakumeen eskubideak hartu nahi izan ditugu hizpide”.  Abortuaren legeari buruz gogoeta egiteko, martxoaren 6an foroa egingo da eta herritar ezberdinak gonbidatu dituztela azaldu zuten. Gai honen inguruan debate interesgarria piztea da helburua. 18:30ean izango da Villa Mirentxuko hitzaldi aretoan.

Martxoaren 7an Lan eta Lan antzerki taldeak “Cinco mujeres con el mismo vestido” antzezlana egingo du Manuel Lekuonan 19:30ean. Ostean, 21:30ean Goiegin egingo da urteroko afari irekia, 22 euro balio ditu menuak eta izena emateko azken eguna asteazkena, martxoak 5 izango da. Telefonoz zein zentroan izena eman daiteke honetan parte hartzeko. 

Lan eta Lan taldeko kideek esan zutenez, antzezlana komedia bat da eta ezkontza batean gertatzen da. Protagonistak ezkontzen den bikotearen lagunak dira eta ospakizunak aurrera egin ahala eta edaten duten neurrian, kontatzen dituzten gauzek eragingo dute irribarrea.

Aldarrikapena
Martxoaren 4ean 15:00etan zentroan elkarretaratzerako pankartak egiteko hitzordua egin dute eta honetan lelo ezberdinak egingo direla aurreratu zuten. 
Martxoaren 8an, larunbatean berriz, 12:00etan izango da elkarretaratzea Okendo plazan “emakumeen eskubideen alde” lemapean.

Manuel Lekuonan egun horretan bertan, “Begiratu eta ikusi ez” antzezlana egingo du kafetegian 20:00etan Kukukak. Herriko antzerki eta dantza eskolako Maider Oiartzabal eta Kontxu Iartzak agerraldian adierazi zutenez, “beti izan dugu gogoa emakumearen egunaren inguruan zerbait berezia egiteko baina aurten gauzatu da lehenengo aldiz”. 

Formato txikiko lan bat prestatu dute, adin ezberdinetako emakumeek egindako irakurketak izango dira. Aretorako lanak prestatzeko ohitura horretatik atera eta gauza berriak sortzeko beharra ikusi dutela kontatu zuten, “horregatik kultur-etxeko kafetegian egitearena”. 

Egitaraua ixteko, martxoaren 13an bideoforuma egingo da emakumeen zentroan 18:30ean. “Alardearen seme-alabak” dokumentala ikusi eta solasaldia egiteko aukera izango da Jone Karres zuzendariarekin.
Agerraldian, herritarrak eta batez ere, emakumeak ekintza hauetan parte hartzera deitu nahi izan zituzten.