Euskal Inauteriek hartu dute atzoko parrandaren lekukoa. Goiza ateri egon da eta desfilea egiteko aukera izan dute euskal inauteriekin bat egin nahi izan duten herritarrek. Okendo plazan eguerdian izan da hitzordua eta bertara gerturatutakoek txistorra eta odolki pintxo goxoak dastatu ahal izan dituzte, nahi izan duenak, sagardoarekin lagunduta, indarrak hartzeko.
12:30ean hasita, herriko erdiguneko kaleetatik abiatu dira adin guztietako txantxoak dantzan. Geldialdia egin dute kale Nagusian eta bertan hainbat dantza eskaini dituzte herritar askoren begiradapean.
Ikusleen artean dantza egitera animatu dena ere egon da. Txalo zaparradak jaso dituzte dantzariek eta Tajamarreko errotondatik behera kalejiran Okendorantz bueltatu dira. Bertan azken dantzak eta kalejirarekin amaitu dute goizeko saioa.
Aipagarria izan da karroza, honetan iaz bezala, Euskal Herriko txoko ezberdinetako inauterietako pertsonaiak ikusi daitezke eta musikariek, Amalurreko gaztetxoak tartean, honen gainean egin dute goizeko ibilbidea.
Arratsaldean dantza egiteko aukera izango da berriz eta desfilea Okendotik irtengo da 17:30ean. 19:00ak aldera, Okendon bertan azken dantzak eta hartza erreko da Inauteriei amaiera emanez.
Goizeko argazki eta bideo bilduma hemen.