EHBildu euskal presoen sakabanaketaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 27a

Hamaika urte dira, Argi eta Iñaki, ama-semeak Juankar Balerdi anaia bisitatzera zihoazela auto istripu batean zendu zirela. Horregatik, EHBilduk bihar, 13:00etan, Argi eta Iñaki zendu zireneko urteurrenean beste behin ere euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko aldarrikatzeko “Giza Eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Sakabanaketaren politikarekin amaitu” lelopean elkarretaratzea deitu du Udaletxe zaharreko arkupetan.

Arratsaldean ere izango da manifestazio ixila herriko kaleetan barrena 20:00etan Okendo plazatik abiatuta.

EHBilduk ohar baten bidez gogorarazten duenez, egun dispertsioaren eraginez euskal preso politikoen senide eta lagunek milaka kilometro egiten dituzte eta “egin beharreko bidaia luze eta arriskutsuak” dira. 

Era berean, Euskal preso politikoen kolektiboari aplikatzen zaion kartzela politika, krudelkeriaren sinboloa dela adierazten du EHBilduk. Hau “mendekua, xantaia eta errepresioan” oinarritzen dela eta “erabat salbuespenekoa den legerian sostengatzen” dela ere azpimarratzen da.

Hau guztiaz gain, gainontzeko alderdi politikoei egungo egoerak eskatzen duen ardurarekin joka dezatela eskatzen du.