Inauteriei hasiera musikala

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 26a

Udal Musika eskolako kideek Inauterietako kontzertua eskaini dute gaur. Adin guztietako ikasle eta irakasleek haien trebetasuna erakutsi dute.

Urtero legez, Udal Musika eskolako kideek eman diote hasiera Inauteriei. Asteburuko gaiari aurre hartuaz, musika izan da nagusi Manuel Lekuona kultur-etxeko areto nagusian. Baina oiloak, piratak, printzesak, gangsterrak eta beste hainbat pertsonai ere ikusi ahal izan dira taula gainean.

Eskolako txikiek eman diote hasiera emanaldiari. Ostean, bakarka, binaka edo taldean instrumentu desberdinak, pianoa, bibolina, flauta edo gitarra entzuteko aukera izan da. Doinu klasikoak, musikaletako kanta ezagunak edo gaur egungo musika entzuteko aukera izan da. 

Dantzarako eta kanturako tartea ere egon da emanaldiko hainbat doinuetan, esate baterako, txalopeloaz dantzatu dute eta Oasis-en Wonderwall edo Sonrisas y lagrimas musikaleko Do, re, mi abestiak kantatu dituzte.

Manuel Lekuonara hurbildu diren senide eta lagunek ederki gozatu dute emanaldiaz. Hemen jaso ditugu adibide batzuk.