TSSTko egoitzan egindako agerraldian Pablo Barrio alkatea eta Santi Sarasloa autobus enpresako ordezkariak irudikatu dute akordioa. Udalarekin hartutako konpromisoa da herritik pasatzen diren autobus guztietan Tratu On Bat -en irudia eramatea. Horretaz gain, herrian antolatzen diren ekintzen berri emango dituzten kartelak jarriko direla azaldu du Dioni Avila udal teknikariak.
Honek azpimarratu nahi izan du enpresak azaldutako konpromisoa izan ere, "ez dago tartean diru trukerik, TSST herriko enpresa handia den neurrian, bat egin nahi izan du Tratu on bat markarekin eta jarrera txalotzekoa da. Gainera kontutan izanda autobusetan ibiltzen den jende kopuru handia, oso garrantzitsua izango da hauen barruan ekintza berezien berri ematea herrira ere inguruko herrietako jendea erakartzeko".
Egun 500 enpresa inguru dira Lasarte-Orian martxan daudenak eta "gora behera asko" izan diren arren, azken urte hauetan kopurua mantentzen doa. Udalak bere aldetik azaldu du ahaleginak egiten jarraituko duela esparru hau zaintzeko.
Merkataritza planean adostutako hainbat neurri ari da udala aurrera eramaten eta "Tratu on bat" marka horietako bat da. Honekin islatu nahi da batetik Lasarte-Oriako merkatarien harrera ona eta zuzena dela eta bestetik, zerbitzua ona eta kalitatekoa eskaintzen dutela.