Mikel Irizarrek batzarrean gogorarazi zuenez, “TOKIKOM eratu genuenean, bi urteko epea eman genion egitasmoak etorkizunik ba ote zuen jakiteko. Egindako bideari erreparatuta, argi daukagu TOKIKOMek hartu dituela tokia eta funtzioa”. TOKIKOMen sorrerako hiru helburu nagusiak, eta haietan egindako lanak gogoratu zituen Irizarrek:
- Esparru komunen kudeaketa: TOKIKOMek urrats onak egin ditu alor honeetan. Nabarmenena, tokiko agerkari digitalak sortzeko garatu duen plataforma –CodeSyntaxek egina- azken urtean bost agerkaritarako erabili dena: ataria.info, guaixe.net, goiena.net, anboto.org eta datorren astean aurkeztuko den uriola.info. Elkarteak hutsune nabarmenak ditu oraindik kudeaketa komertzial bateratuari dagokionez, eta bide horretan berrikuntza lantzeko ildoak daude onartu den Kudeaketa Planean.
- Solaskidetza bateratua: TOKIKOMek tokiko hedabideen ordezkari gisa jardun du erakunde publiko eta pribatuen aurrean, baita sektoreko beste eragileen aurrean ere. Besteak beste, parte hartze oso aktiboa izan du HEKIMEN elkartearen sorreran eta lehen txanpan, eta erakundeekin lankidetza egonkortzeko bideak jorratzen ari da TOKIKOM.
- Garapen eta integrazio posibleen diseinua: gogoetaren aldetik ere TOKIKOMek aurrerapausu handiak egin ditu. Nabarmenena, 2013ko azaroan aurkeztu zuen “Euskal hedabideen etxea” gogoeta, sektore osorako tresna gisa pentsatu dena, eta ondorio ezin interesgarriagoak jasotzen dituena.
Egindakoa oinarri eta eskarmentu, TOKIKOMen hasierako egitasmoa zehaztea onartu zen batzarrean. Abioko fasea gaindituta, erakundearen garapen ildoak eta negozio eredua definituko dira, eta egindako gogoeta ekarriko da epe ertaineko plan batera. 2014 beraz, TOKIKOM sendotzeko urtea izango da.
Fase berri honi begira, TOKIKOMek aldaketak egingo ditu bere organo nagusietan. Presidentetza Urko Aristiren esku utzi zuen Mikel Irizarrek, eta Administrazio Kontseilua handitu egin du, 8 lagunetik 12ra, organoaren ordezkaritza eta bazkideekiko komunikazioa hobetu asmoz.
TOKIKOM SL 2012an sortu zuten 20 toki komunikabidek, tartean Txintxarri eta gaur egun Euskal Herri osoko 27 eragilek osatzen dute. Guztien artean, formatu eta euskarri guztietako 47 komunikabideko sarea osatzen dute.
Mikel Irizar: “Bi urteotan bide ona egin dugu, eta oinarri on bat jarri da TOKIKOMek aurrera egin dezan. Lehen txanpa indartsua izan da; orain egindakoa sendotu behar da eta epe ertaineko plan bat landu. Uste dut badagoela aukera euskal hedabideak lankidetzan jartzeko eta horretarako oso mesedegarria izango da TOKIKOM indartzea. Esku honetan geratzen da ontziaren lema”
Urko Aristi: “Mailope bezalako elkarte txiki baten ordezkari naizen heinean ongi aski dakit zein beharrezko den denak elkartu eta sinergiak sortzea. Eta filosofia horretan kide guztiak bat datozenez, badakit marinel guztiak norabide berdinean arituko direla eta lan erreza izango duela patroia. Orain arte Irizarren gidaritzapean egindako bidearekin guztiz ados egonik, norabide berdinean jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, dagoeneko abiatutako egitasmoak sendotu, eta beste ekimen berriak abiaraziz. Zentzu horretan pozik nago bereziki Nafarroan agerkari digital zein euskarazko telebista berriaren asmoak aurki gauzatu, eta trabak traba, amets izatetik errealitate bihurtzeko bidean direlako”