LOKEko atletak ederki Euskadikoan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 24a

Absolutu mailako Euskadiko txapelketan fin ibili ziren lehengo astean LOKEko atletak. Itoitz Rodriguez bigarren izan zen 200 m. lasterketan eta Maider Rekondo hirugarren pisu jaurtiketan. Gainontzeko atletak finaletan izan ziren lehian.

LOKE atletismo taldeko gazteak otsailaren 15 eta 16an Donostian izan zen Euskal Herriko txapelketan maila altuan lehiatu ziren. Bi domina lortu zituzten 200 m. lasterketan eta pisu jaurtiketan eta hainbat atleta finaletan izan ziren.

Oskar Goikoetxea entrenatzailea oso pozik agertu da atleta guztiek egindako lanarekin. Nahiz eta domina askorik ez lortu, gazte gehienek finaletan egotea lortu zuten. “Dagokien maila baino altuagoan lehiatu zirela kontuan izan behar da, gehienak junior, jubenil edo kadeteak baitira”.

Itoitz Rodriguez gaztea berriro ere primeran lehiatu zen. 200 m. lasterketa bigarren postuan amaitu zuen lehenengo postutik ehuneko gutxietara. “Oso marka ona egin zuen, kontuan izan behar da jubenila dela” aipatu du LOKEko entrenatzaileak. Bigarren domina Maider Rekondok lortu zuen pisu jaurtiketa proban. Lasarte-Oriako gaztea hirugarren izan zen, 10 m. eta 5 zm. markarekin.

Finaletan

Bestalde, Maria Eugi eta Idoia Olasagastik marka pertsonalak hobetu zituzten bai 60 m. lasterketan, baita 200 m. lasterketan ere eta finaletan lehiatu ziren. 

Finalista izan ziren era berean, Gaizka Ormazabal 400 m. lasterketan, Yeray Veroniz 60 m. lasterketan, Jon Altuna 800 m. lasterketan, Eneritz Busto altueran eta Ane Galardi jauzi hirukoitzean.

Txapelketaz txapelketa

Asteburu honetan, hainbat atleta Gipuzkoako selekzioarekin Zaragozan izan dira lehian, beste batzuk, aldiz, Euskadiko jaurtiketa luzeetako txapelketan.

Hurrengo asteburuan, kadete, jubenil eta junior mailako Euskal Herriko txapelketa izango da eta marka eta domina gehiago espero dituzte atletek.