Euskal Inauteria igandean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 24a

Asteburuan izango dira Inauteriak eta herrian izango da festarako parada. Igandean, iazko bideari jarraiki, Ttakunek Euskal Inauteri festa jendetsua egin nahi du eta horretarako txantxoz janzteko gonbitea luzatu nahi die herritarrei. Goizean eta arratsaldean dantzan aterako da konpartsa herriko erdiguneko kaleetatik eta festari amaiera emango zaio hartzaren erretzearekin batera. Dantzak ikasteko azken entsegua bihar izango da Sasoetako gimnasioan 20:00etatik 21:30era eta honetan parte hartzera deitzen dute.

Inauteri asteburua izango da datorrena. Askok eta askok dagoeneko mozorroa prest izango duzue baina beste ba-tzuek berriz, azken orduan zerbait prestatu beharrean egongo zarete ziur. 
Iaz bezala, larunbatean musika izango da gai nagusia udalak herriko konpartsekin batera erabakita, baina horretaz gain, bestelako mozorroak ere ikusiko dira kaleetan. Udaletik Inauteriak indartzea izan da azken urtetako helburua eta herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean, lortu da urtetik urtera konpartsa kopurua igotzea larunbateko desfilean.

Igandean berriz, Euskal Inauterien txanda izango da. 30 urtetan ohiko antolatzaileek lekukoa Ttakun Kultur Elkarteari pasa zioten eta horrela iaz bezala, aurten ere igandean jendea mozorrotuta kalera irten eta festaz goza-tzera animatu nahi dituzte herritarrak. Euskal Herriko txoko askotako jantzi eta pertsonaiak ekarri nahi dituzte plazara eta horretarako prestaketa askorik ez dela behar diote Ttakunetik. Etxean dauden arropekin modu errazean, mozorro dotore eta koloretsua prestatzea posible dela azpimarra-tzen du Junkal Perezek. 

Ttakuneko ordezkariak dio helburua konpartsaren baitan ateratzen diren herritarrez gain, gainontzekoek ere soinean horrelakoak jantzita kalera ateratzea dela. ”Herriko kaleetan euskal inauterien presentzia zabaldu nahi dugu”. 

Egitaraua
Igandean 12:00etan, Euskal Inauterietako konpartsak hainbat ekintza burutuko ditu Okendo plazan. Hamaiketakoa egin eta 12:45ean, erdigunean dantzatuko du: Okendo plaza, Kale Nagusia, Zumaburuko errotondan buelta eman eta Kale Nagusitik Tajamar errotondaraino, Hipodromo etorbidetik jaitsi eta Okendo plazan bukatuko dute ibilbidea. 17:30ean, konpartsak, berriro ere, goizeko ibilbidea egingo du. 
19:00etan, dantza eta hartza erretzeari ekingo zaio Okendo plazan. Honekin batera gogoratu nahi da dantzen azken entsegu irekia bihar, asteartean egingo dela 20:00etatik 21:30era Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. 

Txantxo jantzia nola prestatu
Igandeko festan txantxoz jantzita plazaratzeko aitzakiarik ez dagoela azpimarratzen dute antolakuntzatik eta  horregatik hainbat gomendio luzatzen dituzte herritarrak mozorrotzera animatu daitezen. 
Mozorro koloretsua Miel Otxinen antzekoa edo zakuz egina Ziripoten antzekoa, edozerk balio du inauterietan. Soinean.- Blusa (sanpedrotakoa), amonaren sukaldeko bata, aitaren hippy garaiko alkandora, arpillera zakua,.... Azpikogona eta galtzak.- Mahoizkoak, loredunak, pijama zaharra, koloretako edozein galtza... Oinetan.- Artilezko gal-tzerdiak, abarkak edo botak ... nahi dena.
Buruan.- Lastozko txanoak edo kukurutxoa, dena zinta politez josia. Txapela beltza edo koloretakoa, bestelako txapel bat.  Ez ahaztu aurpegia ezkutatzea; horretarako ipini oihal fin bat kapelatik zintzilikatuta edo maskara gisa, arnasa har-tzen utziko dizuna, nahi izanez gero egin ikusteko eta arnasa hartzeko zuloak. Eskuetan.- Eskuetan erra-tza, makila, zartagina, ferra-tzeko mailua, sardea, txintxarriak, kanpaitxoak,... 

Gogoratu helburua ondo pasatzea dela, eta horretarako ez dela sekulako mozorroa behar. Armairua arakatu (zurea, familiarena edota lagunena), lotsak astindu eta aurrera!