Andaluzia Eguna ondo hasteko, “fino” ardoarekin brindisa egin zuten ostiralean Semblante Andaluzeko kideek. Hortik aurrera, igande arratsalderaino etenik izan ez zuen ospakizuna izan zuten.
Jose Perez Acosta lehendakari ohiak eskerrak eman zizkien bazkideei bera presidente zenean jasotako lagun-tza guztiagatik. Juan Vicente Perezek bere aldetik Semblanteren eta Lasarte-Oriaren alde lanean jarraitzeko konpromezua berretsi zuen.
Pablo Barriok ere esker oneko hitzak izan zituen Semblante Andaluzekiko: “Lan bikaina egiten duzue, herrian antolatzen diren ekitaldi kultural guztietan zaudete eta gainera, herrian ditugun bi Lasarte-Orien topaleku zarete, bide horretan jarrai ezazue”.
Larunbatean berriz, musikak hartu zuen protagonismoa. Gitanillos del Alba, Duende Flamenco, Azabache, Zambra eta Merche Montes herritarrak egoitzako oholtzan sevillana, salve eta antzekoak inerpretatu zituzten maisutasun handiz.
Aurtengo sorpresa Paco Carrion eta David Escuderoren kontzertua izan da. Flamenko doinu biziak eskaini zituzten eta entzuleak gustura entzun zituzten hegoaldeko akordeak.
Igandea, egun handia
Ospakizun berezienak ordea, festaren egun handia, igandea izan zen. Goizean meza rocieroa egin zuten Arantzazuko Ama Birjinaren parrokian. Coro Rociero abesbatzak hainbat abesti jo eta kantatu zituen elizan bertan.
Meza amaituta, Semblante Andaluz elkartean egindako bazkarian 125 jankide elkartu ziren. Menua: zizka-mizkak, bakailua karmelitana erara, solomilloa piperrarekin, izozkia, flana eta kafea. Bazkaltzeari ekin aurretik Andaluziako ereserkia abestu zuten lege onez.
Aurpegi ezagun asko ikusteko aukera izan zen. Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Garbiñe Errekondo Foru Aldundiko Administrazio Publikoko diputatua, Pablo Barrio alkatea, alderdi ezberdinetako udal-ordezkariak, Lasarte-Oriako eta Donostiako Extremadura etxeko ordezkariak, Asun Barbero Hermandad elkarteko lehendakaria eta Fili Salcedo Andoaingo Emakumeen elkarteko lehendakaria besteak beste.
Arratsaldean Amigos del Sur taldearen ekitaldiarekin eta dantzaldi herrikoiarekin eman zitzaion amaiera hiru egun iraun duen herriko andaluziarren festa handiari, giro ederrean.