Erraustegiaren eraikuntza eten izana ospatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 22a

Festa eta ospakizun artean hartu dute Lasarte-Oria Zero Zabor taldeko kideek Zubietako erraustegia eraikiko ez denaren berria. Horretarako, herritarrekin batera jaialdia antolatu dute gaur arratsaldean. Erraustegiaren murala, txalapartariak, sorgin-dantza herrikoia, Xumela abesbatza, txokolatada eta Makulu Ken izan dira eguneko protagonistak.

Trikitilariek kalez kale egindako ibilbide labur batekin eman zaio hasiera festari, eta arratsaldeko 17:00ak pasatxo zirela, Lasarte-Oria ZZeko kideek oholtzatik hitza hartu dute: "urrats oso garrantzitsua eman dugu denon artean, herritar guztien artean, zorionak Lasarte-Oria!".
Ospatzeko dutena ez dela gutxi uste dute. 10 urte luzez borroka egin ostean helburua lortu dutela adierazi dute: "horregatik bildu gara plaza honen bueltan, Zubietako errauste plantak gure eguneroko bizitza gris bilakatuko ez duela ospatzeko, arnastuko dugun airea kutsatuko ez duela ospatzeko". 
Dena den, oraindik ezin dutela "erlaxatu" adierazi dute, erraustegiaren obrak gelditzea aurrerapausotzat definitu duten arren, Zero Zabor helburura bidean egiteke "bide asko" dutela gogorarazi dute.
Hainbat datu eman zituzten gainera. " Gipuzkoa eredu da hondakinak kudeatzen, 30 udalerrik baino gehiagok %70eko birziklatze tasa dutelako, baina Lasarte-Oria zoritxarrez ez dago multzo horretan, %30eko tasa baitu".
Testuinguru horretan,  gehiago birziklatu nahi dutela eskatzeko mural bat ere osatu dute, kapa birekin. Azaleko kapan erraustegia ageri zen, ke eta iluntasun artean, baina arratsaldeak aurrera egin ahala, herritarrek paneleko piezak kendu eta argazki argi eta koloretsua deskubritu dute.
Bitartean, txalapartarien doinuak entzuteko aukera izan da eta Xumela abesbatzaren hainbat kantu ere bai. Sorgin dantza-herrikoiak plaza girotu du txistularien laguntzaz eta jaialdiari amaiera emateko, txokolatada handi bat prestatu dute Okendo plazan bildu diren hamarnaka lagunen sabelak asetzeko.
Egunari amaiera eman asmoz, ilunabarrean Makulu Kenek kontzertua eskaini du Okendo plazako taulan, erritmo alaiz.