Euskal kulturaren alde eginiko lan guztia eskertzeko eta Mikel Laboa zena gogoratzeko Ttanttaka konpainiak prestatutako antzerkia da Zazpi Aldiz Elur. Bernardo Atxagak Erlea aldizkariaren lehen alean idatzi zuen artikuluak ematen dio antzerkiari izena, baina baita izana ere. Haren hitzetan oinarrituta baitago obra sentitu hau.
Mireia Gabilondok zuzendutako emanaldia izan da ostiral ilunabarrekoa eta kultur-etxean ia 200 lagun bildu dira zeresana emango duen lana ikusteko.
Guztira bost interprete taularatu dira. Bi aktore eta hiru musikari. Iñaki Rekarte eta Mireia Gabilondok eszenifikatu dituzte Laboaren 74 urtetako bizitzako zenbait pasarte. Euskaraz zein erdaraz esandako hitz eta egindako keinu bakoitza muturreraino bizita. Jakina, aktore protagonista nagusiez gain, Iñaki Salvadorren piano eta akordeoi doinuak, Angel Unzuren gitarra akordeak eta Maria Berasateren ahots finak ere izan dute presentzia. Laboaren ahots biluzi eta erdi-urratuarenarekin nolabaiteko kontrastea eragiten du antzezlanean Berasateren erregistroak, baina ez da inolaz ere diskordantea izan. Diferentea baizik. Ezberdina.
Bestalde, Zumetaren irudiek jantzi dute azken txanpan Manuel Lekuonako eskenatokia argi-efektu sotilekin batera. Bereziki deigarriak izan dira eszenaz aldatzerakoan plastikoz osatutako atzekaldean edota pianoaren tapan proiektatu dituzten Laboaren irudiak eta elur-malutak.
Gasteizen estreinatu zuten bi aste atzera, berriki Donostian ikusteko aukera izan da eta gaur Lasarte-Oriak jaso du Zazpi Aldiz Elur antzerkia. Dagoen lekuen dagoela ere, Mikel Laboarentzat omenaldi bikaina da Zazpi Eldiz Elur. Txalo zaparrada amaigabe batekin agurtu ditu interpreteak Lasarte-Oriako herriak.