Andaluzia eguna ospatzeko hainbat ekintza

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 21a

Lasarte-Oriako andaluziarrek asteburu honetan Andaluzia Erkidegoko eguna ospatuko dute. Nahiz eta eguna otsailaren 28an izan, Semblante Andaluz elkartean hainbat ekintza antolatu dira gaurtik igandera egun berezi hori ospatzeko. Elkarteko kideek herritarrak gonbitatzen dituzte hauetaz gozatzera. Honetaz gain, zuzendaritza-batzorde aldaketa ere egingo da egunotan.

Otsailaren 28an, Andaluzia Erkidegoko eguna ospatzen da. 1980. urtean Autonomi Elkarte horretako estatutua erreferendum bidez onartu zen eta geroztik ospatzen dute andaluziarrek egun hori. Lasarte-Orian Semblante Andaluz elkarteak asteburu honetan ospatuko du andaluziarrentzat hain berezi den eguna.

Jesus Perez Acosta jardunean den lehendakariak azaldu digunez, “gure jatorria eta erroak gogoratzen ditugu festa honetan. Gainera, gure seme-alabei gure kultura eta ohiturak erakusteko aukera bat da, baita Lasarte-Orian andaluziar komunitatea dagoela jakin arazteko ere”.

Egitaraua

Ospakizunak gaur arratsaldean hasiko dira, Semblante Andaluz elkartean. 

Arratsaldeko 20:00etan ohorezko ardoa eskainiko die Semblante Andaluz elkarteak kide eta lagunei. 

Honetaz gain, zuzendaritza-batzordearen botere eskualdatzea egingo da. 

Hasiera ekitaldian zehar “Semblante Rociero” koruen emanaldiaz ere gozatu ahalko dute elkartera hurbiltzen direnek.

Bihar, 17:00etatik aurrera, elkarteko taldeek Gitanillos del Alva, Duende Flamenco, Azabache eta Zambrak dan-tza emanaldia eskainiko dute.

Ostean, Merche Montesek dantzan jarriko ditu elkartera hurbiltzen diren bazkide eta lagunak. 
19:30ean, berriz, Paco Carrion flamenko-kantaria entzuteko aukera egongo da. Honek hainbat sari lortu ditu bere jardunean, esate baterako, 2006an Santanderreko cante jaialdian lehengoa izan zen. Carrionek David Escudero gitarra jolearen laguntza izango du.

Igandean, 11:30ean hasiko dira ekitaldiak. Arantzazuko Amaren elizan meza rocieroa izango da lehenik. Honetan “Semblante Rociero” koruak abestuko du. 

Ostean, 14:00ak aldera, udal eta erakunde desberdinei agurra egin eta Andaluziako ereserkia abestuko da. Elkarteko bazkide eta lagunek bazkari oparoa izango dute eta 19:00etan, “Amigos del Sur” taldearen emanaldiaz gozatu ahalko dute. Dantzaldia ere izango da.
Taldeak eta flamenkoa

Egitarauan elkarteko taldeek garrantzia handia dute, “hilabeteetan gogor egiten dute lan eta egun honetan lan hori erakusteko aukera dute, batez ere txikienek. Beste data batzuetan ere erakustaldiak dituzte, baina egun hau berezia eta kutuna dugu”. 

Honetaz gain, Semblante Andaluz elkarteak hainbeste dantza eta musika talde izatea zorte bat dela aipatu du Perez Acostak eta gainera “Amigos del Sur” edo Merche Montes dagoeneko elkarteko kide direla adierazi du.  

Honetaz gain, jarduneko lehendakariak azpimarratzen duen moduan, Paco Carrion flamenko-kantariak emanaldia eskainiko du larunbatean. “Flamenkoa eta bere erroak ere hurbildu nahi genituen elkartera. Duela urte batzuk ez dugula horrelako ekitalditik antolatzen. Flamenkoa zaila da ulertzen, baina guk esaten dugun bezala, ulertzean erraietan sartzen den gauza da”. 

Azkenik, herritarrak gonbitatu nahiko lituzke elkartera hurbildu eta Andaluziako eguna ospatzera.

Zuzendaritza aldaketa

Bestalde, aipatu legez, zuzendaritza aldaketa emango da Semblante Andaluz elkartean. “Urtarriletik elkarlanean bagaude ere, jai giroan egin nahi genuen aldaketa” aipatu digu jarduneko lehendakariak.

Zuzendaritzak bere legedian ezarritako helburuak bete dituela aipatu du Perez Acostak, “gazte, emakume, zein pertsona helduekin lanean egon gara urtean zehar eta hainbat ekintza egin ditugu haiei zuzenduak. Garrantzitsua iruditzen zaigu lan hau”.

Zuzendaritza berria honako hau da: Juan Vicente Perez lehendakaria; Emerenciano San Nicasio lehendakari ordea, Luis Fernando Baile idazkaria, Juan Antonio Valdivia idazkari ordea, diruzaina Fernandos Cruz, Jose Garcia diruzain ordea, Juan Luis Sanchez Erosketetako arduraduna, Nicanor Iglesias, Antonio Valdivia, Jose Luis Osua eta Benito Tena ardandegi-zainak izango dira. 

Kultura saileko arduradun berria Antonio Beltran da eta kulturako batzorde kideak Francisco Montes eta Antonia Centeno izango dira