"Zero zaborrerako bidean asko dugu egiteko"

maider-azurmendi 2014ko ots. 21a, 10:46

Lasarte-Oria Zero Zabor taldeak erraustegiaren eraikuntza bertan behera gelditu dela ospatuko du bihar 17:00etan hasiko den jaialdiarekin. Honetara herritar guztiak gonbidatzen ditu eta bereziki, Sorgin dantzan parte hartzeko deia egiten dute. Erronka Zero Zaborrera iristea dela diote eta horretarako martxan jarri dute “Nik gehiago birziklatu nahi dut” kanpaina. Honekin hondakinak murrizteko edonork egin dezakeen ahaleginaz kontzientzia pizten saiatuko dira herritar, elkarte eta eragileekin elkartuz zein ekintzak antolatuz.

Erraustegia eraikiko ez dela ospatu behar dela diote Lasarte-Oria Zero Zaborreko kideek. Urte askotako borrokaren ondoren, herritarren lorpena izan dela diote eta horregatik herritarrak jaialdi honetan parte hartzera deitzen dituzte. Euren lana ez dela amaitu argi dute Mikel Olaiz, Ainhoa Ortega, Iñigo Gonzalez eta Garazi Fernandinok izan ere, zero zaborrera iristeko asko dago egiteke. 

Bilketa sistemen gainetik, birziklatze tasari erreparatu beharko litzaiokeela azpimarratzen dute. “Denen aldetik jarrita, adostasunera heltzea posible dela uste dugulako”. 

Zer antolatu duzue bihar?

Festa bat antolatu dugu 17:00etatik aurrera Okendo plazan. Ospatu nahi dugu Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak bertan behera utzi direla. Bestalde, birziklatzearen aldeko kanpaina abiatu dugula ezagutzera eman nahi dugu. Ekintza ezberdinak bilduko dituen programa izango da herrian birziklapena sustatzeko.

Uste dugu erraustegia ez eraikitzea pauso garrantzitsua dela baina hemen ez da gure lana bukatzen. Guk sinesten dugun bidean, beharrezkoa da norbanakoak ere pausoak ematea. 

Lorpen handia da errauste plantarena baina kanpaina honekin herriko sektoreekin bildu nahi dugu, gure proposamenak egin eta denon artean ikusi etorkizunean gehiago birziklatzeko zer egin.

Zer egongo da jaialdian?

Txalapartarekin eta trikitilariekin hasiko gara. Ondoren, Sorgin dantza herrikoia izango da. 
Lasarte-Orian erraustegiaren aurka egin zen manifestazio jendetsuenean, gogoratu behar da, duela zazpi urte 8.000 lagun atera zirela kalera erraustegiaren aurka, tartean Ana Urchuegia garaiko alkatea, honen bukaeran Sorgin dantza dantzatu zen eta horregatik bihar ere plazan izango da. 

Urteetako lanaren ondorio izan da erraustegia gelditzea eta hori gogora ekarri nahi dugu. Erraustegiaren suntsiketa sinbolikoa ere perfomance batekin irudikatuko dugu herritarren laguntzarekin. 

Bestela, txokolatada egongo da guztientzat eta Makulu Ken taldearen kontzertuarekin bukatuko dugu jaia.

Jendea animatzen dugu parte hartzera eta laguntzaileak ere ongi etorriak izango dira. 

Erakundeekin biltzeko asmoa duzue aipatutako kanpainaren harira? 

Gure irudipena da askotan erakundeen esku uzten direla ardurak eta zentzu batean bai, hondakinen kudeaketan beraiei dagokie baina guk, norbanakoek, gure aldetik zerbait egin dezakegu. 

Udala, tabernari, elkarte gastronomikoei esaterako gure proposamenak egitea joango gara. Birziklatzea da ideia, hondakin gutxiago sortzea izan behar da abiapuntua denentzat. Gauza asko egin ditzakegu hondakin kopurua murrizteko eta agian konposta ere jende gehiagok egiteko aukera du.

Lasarte-Orian asko dago egiteko, konturatu behar gara hondakinak murriztu eta berrerabilpena pauso garrantzitsuak direla zero zaborrerako bidean. 

5.edukiontzia jartzeko komisioa dago osatuta.

Sistemaren gainetik biltzen den hondakin kopuruak du garrantzia guretzat horregatik bildu nahi izan dugu alderdiekin gure proposamenak egiteko. Sistema eraginkorrena nahi genuke herrian.

5. edukiontzia ezartzeko komisioa osatu eta dakigunez adituen ponentziak ari dira jasotzen. 

Gure aldetik, komisio honen jarrera salatu nahi genuke izan ere, ez da parte hartzailea izan bere eraketan eta guk bai eskaerak egin ditugu bai bertan egoteko, baita presidentearekin elkartu eta gure ekarpenak egiteko baina ez dugu erantzunik jaso. Gure ustez bada garaia Lasarte-Orian hondakinen arazoari heltzeko eta irtenbideak lantzeko.  

Beste herri askorekin alderatuz, birziklapen maila oso baxua dugu. 5. edukiontziarekin %80ra iritsiko bagina pozik egongo ginateke baina zaila ikusten dugu. 2016rako %60 lortu beharko litzateke, eta hori guretzat lortu beharreko minimoa da, gehiago eskatu behar dugu.  

Argitaratu da Zubietan hondakin organikoak tratatzeko planta egin zitekeela nola ikusten duzue?

Geroz eta herri gehiagotan jasotzen da hondakin organikoa eta hau kudeatzeko beharrezkoa da azpiegitura. Guk ere hedabideetan entzun dugu eta ez dugu gaizki ikusten.

Taldea denbora gutxi egon da martxan. Beste taldeen lanaren lekukoa hartu zenutela esan daiteke?

Eutsi diogu lehendik herrian bide honetan lanean egon direnei eta Zero Zaborren integratu dira, talde bakarra osatu dugu. 

Herritarrak, gehiengo handi bat behintzat, errauskailuaren aurka egon da, eta berriz diogu, lorpena ez da erakunde edo Zero Zabor taldeena, herritar guztiena da.

Borroka luzea izan da eta behin lortuta nolabait ospatu beharra ikusten zen. Zero Zaborrera iritsiko bagina, beste festa bat antolatu beharko genuke. 

Taldea asteazkenero 20:00etan biltzen da eta kide berriak ongi etorriak izango dira.

Erraustegiaren eraikuntza beharrezkoa dela uste dutenei zer esango zeniekete?

Alderdi politikoen jarrera asko aldatu da azken urteetan. Adibidez Lasarte-Oriako alkate ohia zegoela manifestaldi erraldoi hartan. Erraustegia bai baina Zubietan ez zutela nahi adierazi zuten orduan eta orain ez asko, Zaballosek berdina esan zuen. EAJk ere antzeko jarrera izan du. 

Hala ere, momentu honetan horren gainetik egon behar da eta proposamenak landu. 

Egun Gipuzkoan hondakin bilketa sistema desberdinak daude martxan eta denen aldetik esfortzu minimo bat egiten bada, uste dugu adostasun bat lortu daitekeela.