Aterpea eta udalaren elkarlanari esker herritarrek elkartekoak diren taberna zein dendetan 5 eurotik gorako erosketak egiterakoan Manttangorrirako bidaiak doan jasoko dituzte opari.
Kanpaina astelehenean jarri zen martxan eta datorren ostirala bitartean burutuko da. Ramon Ormazabal Aterpearen izenean oso pozik agertu da ekimenarekin "ikusiko dugu zein den herritarren erantzuna". Azaldu moduan, urte askotako eskaera izan zen herriko autobus zerbitzuarena "herriko dendetan erosi eta erdigunetik kanpo dauden herritarrentzat beharrezkoa ikusten genuen zerbitzua, komertzioa sustatzeko balioko zuela argi genuen". Orain euren nahia litzateke Manttangorrik ordutegi zabalago bat izatea.
Hala ere, egitasmo honekin autobusaren erabilera sustatzeko ahalegina egitea primerakoa dela adierazi du. Ana Prieto udal zerbitzuetako buruak adierazi du, ekimen polita dela eta herriko merkataritza sustatzeaz gain, Manttangorriren erabilera zabaltzea lortu nahi dela lasarteoriatarren artean.
Gorka Lizarraga merkataritza alorreko buruak bere aldetik, ekimenak herriko garapen sozioekonomikoan duela eragin zuzena aipatu du aurkezpenean eta herritarrak honetan parte hartzera gonbidatu ditu. Aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko asmoa ere azaldu du zinegotziak halako gehiago sortzeko. "Tratu on bat kanpainarekin indartu nahi den elkarlanaren urrats bat gehiago da kanpaina hau".