BAI plataformaren jardunaldia zabor bilketaren inguruan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 15a

Zabor bilketa izan dute eztabaidagai gaur goizean Villa Mirentxun. Herrian denetariko Ikuspegi eta iritziak sortzen dituen gaia da zabor bilketa sistemarena eta bildu diren dozenaka herritarrek adi-adi entzun dituzte Izeta, Puldain eta Ormazabalen jarraibideak.

Hiru hizlarietan lehena Jose Mari Puldain izan da. Ikuspegi herritarra eskaini die entzuleei, Zubieta, Lasarte-Oria, Flandria, Urnieta... Hainbat lekutako jendearen esperientziak eta proiektuak azaldu dizkie bildu diren guztiei. Natxo Izetak hartu dio jarraian hitza. EAn eta Hamaikabaten politikan aritutako herritarrak zaborraren auziari emandako tratamendu instituzionala aztertu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak planteatzen duen atez ateko proposamenak dakartzan argi-ilunak ikertuz. Azkenik Carlos Ormazabalek hitz egin du. Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu ohiaren jarduna ere erakundeen proiektu eta asmoen inguruan izan da. Amaieran herritarrek nahi izan dituzten galderak egiteko aukera izan dute.