Euskarazko aisialdiaren inguruan esperientzia trukea

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 14a

Asteazken arratsaldean, “Aisia familien parte-har-tzearekin eraikiz” hitzaldi antolatu zuten Kukuka An-tzerki eta Dantza eskola, Xumela, Muntteri AEK, Zabaleta-Auzolan eta Ttakun elkarteak.

Helburua, Lasarte-Orian  euskarazko aisiaren ikuspuntua aztertu eta aurrera pausoak ematea izan zen. Horretarako, beste eskualde batzuetan gauzatzen ari diren proiektuak ezagutzera eman nahi izan zituzten, Oarsoaldeko Irrien lagunak proiektua eta Arrasateko Txatxilipurdi elkartearen Haurrasate ekimena. Lehenik, Ttakunek hartu zuen hitza eta bere aisialdi eskaintza azaldu zuen.

Irrien Lagunak
Ostean, Oarsoaldeko Irrien lagunak taldeak bi urte eta erdian egindako lana ezagutu ahal izan zen, Eli Astiazaran Pasaiako teknikariak eta Lezo eta Oiartzungo taldeetako bi amaren eskutik.
Oarsoaldean teknikariak, gurasoak, gazte eta haurrak batera lanean ari dira proiektua aurrera eramateko. “Ez genuen haurrak aisiaren kontsumitzaile soila izatea nahi. Haurrek parte hartu eta erabaki zezaten nahi genuen”. Pausoz pauso haurren batzarrak, gurasoekin batzarrak eta egun guraso, haur eta gazteekin batera batzarrak egiten dituzte ekintzak erabaki eta gauzatzeko, “elkarlana ere garrantzitsua delako”. Lanaren erakusle batzuk ere eskaini zituzten bideoen bitartez, herriak koloreztatu, irrigintza jaialdia, tailerrak, txangoak...Agerraldiari amaiera emateko, Oarsoaldeako Irrien lagunak taldeak sortu duen abesti eta dantzari esker aretoa dantzan jarri zuten.

Haurrasate
Bestalde, Txatxilipurdi elkarteko Eneko Barberenak Arrasaten lantzen ari diren Haurrasate ekimena aurkeztu zuen. Galdera bati erantzunez, “etorkizuneko herria zein nahi dugu? Lanean hasi ginen”.
Lehen pausoa haurrei hitza ematea izan zen, gero plazara atera eta bertan dauden eragile desberdinekin, feministak, ekologistak...lanean hasi ziren. Honela, aisialdi hezitzailean oinarritutako dinamika bat jarri dute martxan. Heziketa, balioak eta elkarlana dute ardatz. “Euskara aisialdia tresna izan behar da eraldatu eta hobetzeko”. 
Bi esperientzia hauek entzun ostean, Lasarte-Orian aisiaren arloan egin daitezkeen ekimenen gogoeta tailerra egin zen.