Mikel Laboaren unibertsoa oholtzan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 14a

Hitzak, musika, poesia... hainbat elementu nahastu ditu Tanttaka teatroak bere ikuskizun berrian, "Zazpi aldiz elur". Helburua, ikusleak Mikel Laboa abeslariaren unibertsoan murgiltzea da. Gasteizen estreinatu zuten asteazkenean eta Donostian erakutsi ostean Laboaren unibertsoa, otsailaren 21ean, ostiralean izango da Lasarte-Orian.

Lasarte-Oriako Kultura sailak antzerkia eta dantza bultzatzeko hainbat ekin-tza burutzen ditu urtean zehar. Azken asteetan herriko elkarteekin  batera gauzaturiko ikuskizun amateurrak izan dira nagusi, baina urtean zehar saio profesionalen tartea ere bada. Horregatik, otsailaren 21ean, ostirala gaueko 20:00etan, Tanttaka teatroa-k “Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa Elurretan)“ obra eskainiko du Manuel Lekuonan.

Kultura saileko arduradunek adierazi digutenez, helduei zuzenduriko saio hau, urtean zehar aurreikusten diren 7 ikuskizun profesionalen artean lehenengoa da. 2014. urtean, 2 antzerki saio, 3 dantza emanaldi eta kale-antzerkiak izango dira.

Atxagaren hitzak
“Zazpi aldiz elur“ lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da; denok daukagu, gure gogoan neguko gau elurti batean bizi izandako pasadizoren bat seguruenik; leihoetatik sartzen den argi-zuriaren reflejoak adierazten digu elurrez inguraturik gaudela...“ horrela dio emanaldi honen sinopsiak. Bernardo Atxagak 2009ko urrian, Laboa zendu ostean, Erlea aldizkarian idatzitako Zazpi urtez elur testuan du oinarri eta musika, poesia, antzezpena , bideoa... nahasten dituen emanaldia da. Honen bitartez, Tanttaka eta Bernardo Atxagak Mikel Laboa eta bere lanari goratzarre xumea egiten diote.

Lagunen ikuspegia
Tanttaka-ko zuzendariak Mireia Gabilondok Iñaki Salvador musikaria, Angel Unzu gitarra-jolea, Maria Berasarte abeslaria eta Iñaki Rikarte aktoreak batu eta bost hilabetez, Mikel Laboa pertsonaren eta haren obraren inguruko sorkuntza lana osatu zuten.  

Atxagaren testuko pasarteak eta lagun arteko esperientziak dira boskote honek taula gainean aurkeztuko dituenak. Izan ere, taula gainean egongo diren pertsonetako batzuk ongi ezagutzen zuten Laboa. Gabirondok oso harreman estua zuen abeslariarekin; Iñaki Salvador hainbat urteetan ohol-tzaz oholtza ibili zen Laboarekin eta Angel Unzuk Donostiako hondartzan eman zuen azken kontzertuan harekin jo zuen. 

Bere munduan murgildu
Lanaren sinopsian azaltzen den modura, “kontatuko direnak Mikelen nahiak, Mikelen bizipozak, Mikelen gauza intimoak, pertsonalak eta ezezagunak izango dira“. Era honetara, Mikel Laboaren psikiatra lana, txoriak, ausardia, heriotza, haren hitz egiteko modua, bere bizitzako anekdotak... hainbat gai jorratuz abeslariaren unibertsoan murgiltzen dituzte ikusleak.
“Eta nola ez... Ausardiaz, berak egiten zuen bezala, esperimentatu, jolastu, hitzegin, ixildu... aske sentitu eta aske sentiarazi" . Horregatik,  abeslariak sortutako poema, kantu eta testuak abestu, an-tzeztu, birmoldatu, nahastu edo estiloz aldatzen dituzte lanean. 

Eta haien paperak ere aldatzen dituzte taula gainean dauden pertsonaiek, esate baterako, Mireia Gabilondo eta Iñaki Rikarte abesten edo instrumentuak jotzen ikusteko aukera izango da, baita Maria Berasarte antzezten ere.

Lehen emanaldiak
“Zazpi aldiz elur“ lana bero-bero labetik atera berria iritsiko da Lasarte-Oriara. Aurreko asteetan Tanttakako lagunek azken ukituak eman diziote lanari Urnietako Sarobe antzokian eta aurre emanaldi bat ere egin zuten otsailaren 9an. Estreinaldia, berriz, Gasteizen izan zen asteazkenean. Donostian asteburu honetan ikusi ahalko da Antzoki Zaharrean eta hurrengo ostiralean, Manuel Lekuonan izango da. Laboaren hitzak eta musika nahasten dituen  emanaldia ikusteko aukera izango da, beraz, otsailaren 21ean, ostiralean, 20:00etan.

Sarreren zozketa 
Ikuskizuneko sarreren aurresalmenta ireki da dagoeneko www.lasarteoriasarean.eu webgunearen “Sarrerak“ atalean. Astelehenetik aurrera, berriz, Manuel Lekuonako harreran izango dira eskuragarri.  Internet bidez, sarreran prezioa 5,40 eurokoa da; leihatilan, berriz, 6,60 euro.  Baina bada sarrerak eskuratzeko beste era bat ere, Txintxarri aldizkariko zozketa. 
Bi sarrera bikoitz zozketatuko ditugu galdera honi erantzuten dioten herritarren artean: Laboaren heriotza zela eta, zein omenaldi egin ziren Lasarte-Orian? 
Erantzunak WhatsApp bidez 688 683 510 zenbakian, Twitter @txintxarrri edota Facebookeko orrian jasoko ditugu.