Irati Jimenez "Irakurleek hobeto idazten irakatsi didate"

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 14a

Irailean martxan jarri zenetik Irakurle Txokoak hilabetero saio bat antolatu du. Euskal literaturaren baitan lehen mailako lanak irakurri eta landu dituzte Uxue Alberdiren gidaritzapean. Tartean Miren Agur Meabe edota Arkaitz Cano izan dituzte gonbidatu. Asteartean, kultur etxeko hitzaldi aretoan 18:30ean elkartuko dira "Nora ez dakizun hori" eleberriaz hitz egiteko eta saio honetara ere Irati Jimenez idazle bizkaitarra gerturatuko da. Berarekin elkarbanatu ahal izango dituzte parte har-tzaileek eleberriaren irakurketan sortutako zalantzak edota besterik gabe, iritzi eman.

Irati Jimenez idazlea izango dute gonbidatua Irakurle txokoan datorren asteartean. Nora ez dakizun hori eleberria irakurri eta idazlearekin elkarbanatu ahal izango dituzte iritzi eta zalantzak.
Idazlearentzat irakurleekin harreman zuzena edukitzea garrantzitsua da eta euren iritziei esker bere ahultasunak  ezagutu dituela dio eta horrenbestez, hobeto idazten irakatsi diotela.

Nora ez dakizun hori maitasun eleberria dela esan daiteke. Protagonista ezberdinak ditu, heriotzak ere presentzia handia dauka... Nola deskribatuko zenuke?
Maitasun istorioa da baina bereziki, ipuinen gorazarre egiten duen eleberria da. 
Elementu fantastikoak ditu, beraz, ipuinen modura, eta kode hori erabiltzen du tabuaz edo heriotzaz hitz egiteko. Emozio errealistak deskribatzen ditu baina testuinguru erdi errealista, erdi mitologiko batean. 
Zentzurik zabalenean erromantikoa dela esango nuke. 

Nora protagonista irrati esataria da, zuk ere ondo ezagutzen duzun mundua da. Pertsonaian zantzu autobiografikoak aurki al daitezke?
Bai, baina ez pertsonaia horretan bakarrik. Eleberri osoan zehar. Nire bizitzako elementu asko sartu nituen. Irratia, jakina. Baina baita xehetasun txikiagoak ere: niri gustatzen zaidalako du patata tortillak garrantzia, Berlin deskriba-tzen denean elurpean deskribatzen da neuk ikusi nuen bezala. Horrelako ehundaka adibide daude. 

Martin munduan zehar ibilitako argazkilaria da. Bilbora bueltan Eliasekin duen harreman berezia agertzen da. Bi protagonistek amaren hutsunea dute…
Eta biak dira etxetik aldegin duten gizonak. Aita-semeak ez diren aita-semeak dira eta batek -Eliasek- betetzen ez duen maitasun istorioa besteak -Martinek- betetzen du. Belaunaldi batean madarikazioan bukatzen den istorioa hurrengoak bedeinkatu egiten du, maila batean. Osatu. 

Aldi berean harreman mota ezberdinak azaltzen dira, ezusteko pertsonaiak ere. Irakurlea harritzea bilatu duzu?
Idaztean, maiz iruditzen zait irakurlearen interesa galtzen ari naizela eta etengabe arreta horren bila sentitzen naiz, sorpresaren bidez askotan edo bestelako emozioen bidez. 

Eleberria 2009an kaleratu zenuen. Zer suposatzen du idazlearentzat halako irakurle txokoetan parte hartzea?
Niretzat oparia da. Horrenbeste urteren ondoren eleberria bizirik dagoela sentitzea harrigarri egiten zait, modurik pozgarrienean. Asko eman nion nobelari baina askoz gehiago itzuli dit.

Zer jaso duzu orain arte irakurleengandik?
Gauza piloa! Nik idatzitakoa beste begi batzuekin irakur-tzeko modua eman didate, haien galderei eta haien iruzkinei esker. 
Ahultasunak erakutsi dizkidate eta, beraz, hobeto idazten irakatsi didate baina, bereziki, emozioan izan dira oso eskuzabalak. Nobela bere egin dute nik idatzitako beste ezer baino gehiago eta hori sentitzea oso berezia izan da. 

Zer esango zenieke irakurleei solasaldian parte har dezaten...
Eleberriaren unibertsoan gustura sentitu baziren unibertso horretan jolasean arituko garela esango nieke. Hitzekin olgetan egingo dugu, tartetxo batez. Eta ongi etorriak zarete denok!