Tximistarreta herritarren zain

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 13a

Udalak Tximistarreta plaza diseinatzeko parte hartze prozesu bat jarri zuen martxan ekainean eta honi amaiera emateko, lanaren bideoa eta parkearen diseinua erakusten duen maketaren aurkezpena egin da Manuel Lekuonan. Udaletik eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete herritarrei "haien laguntza gabe halako proiekturik ez zelako izango".

Alaitz Mendizabal Parte Hartze zinegotzia eta Nerea Sanchez Hirigintzakoa izan dira ekitaldian hitza hartzen lehenak. Biek bereziki eskertu nahi izan dute prozesuan izan diren herritarren parte hartzea eta konpromisoa. Sanchezek azaldu du herritarren proposamenekin plaza eraikitzeko zegoen aurrekontua baino merkeagoa izan dela azkenean udalarentzat. "Erdigunean balkoi eder bat daukagula iruditzen zaigu gainera". Dagoeneko exekuzio prozesuan dago parkea eta honetaz gozatzeko deia egin diete herritarrei.

Prozesuan parte hartu duten herritarrek esperientzia nolakoa izan den azaldu dute ekitaldian. Orokorrean denak oso pozik agertu dira azken emaitzarekin eta eskerrak eman dizkiote udalari halako ekimen batean erabakitzeko eskumena emateagatik.  

Biyak Bateko lehendakariak ordea, aipatu du bere ustetan herritar gutxi izan direla honetan parte hartzen eta pena eman diola halako aukera jendeak galtzea. Herritarrek esan dute orain plaza zaintzea dagokiela lasarteoriatar guztiei baita honek eskaintzen dituen aukeraz gozatzea ere.

Ondoren, esperientzia bildu duen bideo bat ikusi dute eta luntxa egin dute amaiera borobila emateko herrian egin den lehenengo hirigintza prozesu parte hartzaileari.

Aipatu behar da Manuel Lekuonan azken diseinuaren maketa erakutsi dela eta prozesuaren urratsekin panel batzuk ikusgai jarri direla ere.