Gai guztiak aurrera atera dira

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 11

Ohiko udalbatzarra izan da gaur arratsaldean. Hainbat gai jorratu dira honetan, horien artean, Lasarte-Orian babes publikoko etxebizitzen erregimena arautzeko ordenantza indargabetu eta udaleko etxebizitza eskatzaileen erregistroa Etxebiden bildu arte erregimen iragankorra onartu da. Udalean ospatuko diren ezkontza zibilen ordenantza ez da jorratu batzordean eman ziren hainbat aldaketa aztertu behar baitira.

Hilabeteko bigarren asteartea izaki ohiko udalbatzarra izan da gaur. Aurkeztutako gai eta mozio guztiak aztertu eta aurrera atera dira. 

Batzarrari hasiera eman baino lehen alkateak Udalean ospatuko diren ezkontza zibilen ordenantza berria batzar honetan ez dela aztertuko azaldu du.

Lehenik, Segurtasun lan batzordeak landutako eraso eta arrisku psikosozialen protokoloa onartu da, PP eta PSE-EEre abstentzioarekin. Honetan langileek honelako kasuak ekidin edo egoera gainditzeko jarraitu beharreko irizpideak zehazten dira.

Bestetik, Lasarte-Orian babes publikoko etxebizitzen erregimena arautzeko ordenantza indargabetu eta udaleko etxebizitza eskatzaileen erregistroa Etxebiden bildu arte erregimen iragankorra onartu da Bildu, EAJ, LOHP eta Marisa Zubiri zinegotzi ez adskribatuaren bozkei esker. PP abstentziora jo du eta PSE-EEk aurka bozkatu du.

Mozioak

Era berean, “Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin bat“ taldeak aurkeztutako mozioa aztertu da. Honen bitartez taldeak, Mendebaldeko Sahararen egoera eta gatazkaren irtenbide eza salatu du eta Otsailaren 27an Saharar nazioa aldarrikatu zeneko 38. urteurrenaren egunean, udaletxeko balkoian Mendebaldeko Saharako bandera jartzeko eskatu dute. Udalbatzarrak eskaera onartu du, PP, PSE-EE, Marisa Zubiri zinegotzi ez adskribatua, BIldu eta EAJren bozkekin. LOHP abstenitu egin da.

Eta aho batez onartu da, EAJk Arrapide ibilbideari buruz aurkeztutako mozioa. Honen bitartez, Lasarte-Oriako Udalak Donostiakoari Hipodromo aldeko bidea konpondu eta irtenbide bateratu bat adostea eskatuko dio. 

Bestalde, Bilduk sakabanaketa eta espetxe politikarekin amaitzeko eskaera egin behar zuen bakarka, baina EAJrekin adostuta beste testu bat eraman du batzarrera. Honetan Arkaitz Bellonen familiari elkartasuna agertu eta egungo egoera politiko berezia kontuan izanik, sakabanaketa eta espetxe politika amaitzeko eskatu dute alderdi abertzaleek. Era berean, mozioa hainbat erakunderi bidaltzea ere aurreikusten da. Bi alderdi hauen aldeko bozkarekin aurrera atera da eskaera. 

Azkenik, alderdiek eta herritarrek haien galderak eta erreguak egiteko txanda ere izan dute.