Eneko Barberena: "Aisialdia tresna da gure herriak eraldatzeko"

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ots. 10a, 11:08

Lasarte-Orian euskarazko aisialdi eskaintza zabala eta aberatsa dago baina beti dago zer ikasia horregatik elkarlanean Kukuka Antzerki eta Dantza eskola, Xumela, Mun-tteri AEK, Zabaleta-Auzolan eta Ttakun elkarteak "Aisia Familien parte-hartzearekin eraikiz" hitzaldia antolatu dute asteazkenean 18:00etan Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan. Honetara gonbidatu dituzte Eneko Barberena Arrasaten Txatxilipurdik burutzen duen lana azaltzeko eta Oarsoaldeko Irrien Lagunak egitasmoan dauden bi guraso. Hitzaldia irekia da eta herritarrak honetan parte hartzera gonbidatzen dituzte antolatzaileak.

Eneko Barberena Arrasateko Txatxilipurdi elkartearen baitan, aisialdian egiten ari den lanaz mintzatuko da. Testuinguruak aldaketak eta egitasmo berriak behartu dituztela dio eta ikuspegi berriarekin lan egiten hastea da orain bere ustez erronka.

Zein da Txatxilipurdik euskarazko aisialdian egindako ibilbidea? Zein ekintza burutzen ditu egun?
Txatxilipurdi AED elkartearen baitan hasi zen lantalde gisa 1988an eta ordutik euskarazko aisia hezitzailea eskain-tzen aritu da haur eta gaztetxoentzat: udalekuak, ludoteka eta gazte txokoen kudeaketa, tailerrak, gabon parkea... Azken urteotan, gurasoekin ere ari gara lanean transmisioaren alorrean.

Haurrasate egitasmoan lanean ari zarete. Zer da eta zein helburu du? 
Beharrak, beti moduan, eragin du gugan aldaketa bat: gure ikuspuntu eta ildoak irekitzeko beharra. Gure egunerokoan lana hobeto egiteko ohartu ginen aldaketa sakonak behar genituela, guk eta Arrasatek. Hirigintza, harremanak, herri hezitzaile bihurtzea... berba potoloak dira, baina heldu beharrekoak. Bidelagun onak ditugu zorionez, Huhezi eta Bagara, Udalaren eta Aldundiaren babesarekin.    

Euskaraz eskaintzen den aisialdian beste ikuspegi bat bilatu nahi izan duzue? Behar al du?
Gaur egun erronka ez da aisialdia euskaraz eskaintzea ala ez. Gipuzkoan ez. Duela 25 urte bazen baina 2013an eta D eredua nagusi den herrialde batean... Guk uste dugu euskarak zentralitatea behar duela, nola ez, baina aisialdia tresna izan behar dela gure herriak eraldatu eta hobetzeko. Oarsoaldeko Irrien Lagunak ere horretan ari dira, antzeko terminotan, eta emaitzak hor daude.

Aisialdiak zer eskaintzen du euskararen sustapenean?
Eskolak eskaini ezin dion guztia.

Umeen aisialdia euskalduntzeaz harago joan behar dela diozue. Zer esan nahi duzue horrekin? 
Aisialdi hezitzailea defendatzen dugu guk. Euskalduna izango dena, hori ez dago zalantzan. Baina bada garaia euskalgintzak plantea ditzan ze balore nahi dituen lehenetsi. Hau da, euskalgintza feminista izan behar da? Eta herrigintzarekin zein harreman izango ditu? Aisialdian behar ditugun produktuak non eta nola erosi behar ditugu? Hori eta gehiago da, aisialdia harago joan behar dela esatean adierazi nahi duguna.

Oarsoaldeko Irrien Lagunak: "Familian gozatu nahi dugu"

Oarsoaldean familientzako aisialdi eskaintza lantzen ari dira Irrien Lagunak egitasmoaren baitan. Hainbat erakundek elkarlanean sustatu dute eta ume, gazte eta gurasoen parte hartzea lantzen du denen artean ekintzak diseinatu eta burutzeko.

Zer da Irrien Lagunak ekimena?
Familientzako aisia hezitzaile, euskaldun, parte hartzaile eta herritarra eratzeko prozesu bat abiatu duen ekimena da. 2011n, Oarsoaldeko lau herritan abiatuko egitasmoa da. Lau eragile ditu: Oarsoaldeko mankomunitatea eta udaletako euskara zerbitzuak, Irrien Lagunen Kluba elkartea, MU-n Huhezi-ko Sorguneak ikertegia eta herritarrak. Herritarrengan dago aitzindaritza, bereziki haur eta gaztetxoengan. Udaleko ordezkariek baliabideak jartzeaz gain, kide aktibo dira gainontzekoekin; Sorguneak-ek egitasmoa edukiz jantzi eta dinamika gidatzen du; eta, Irrien Lagunen Klubak egitasmoari ume eta gaztetxoek arras ezagutzen duten mundu eta iruditeria erreferentzialaren (kantu, ipuin, antzezki...) aterkipea eskaintzen dio.

Non kokatzen da euskara?
Ekimenaren erdigunean. Euskararen inguruan bildu nahi ditugu herritarrak eta ospakizun-izaerako gune sinboliko publikoa irudikatu nahi dugu. Euskara izan dadin egitasmo erakargarri, bizigarri eta hezitzaile baten giltza, horrek erakarriko duelakoan euskalduna eta baita euskalduna ez dena edota euskarazko mundua urrun edo arrotz zaion hura ere. Gozamenetik beti.
Euskara, berez, balio bat da, balio hezitzailea, inklusiboa eta irekia delako; euskarak berak ekar lezakeelako gure ahoz eta gure praktikaz komunitate justuago, irekiago eta parte-hartzaileago bat.

Nola lantzen ari zarete parte hartzea guraso eta umeekin? 
Eskualdeko lau herrietan batzarrak eratu dira, bai helduenak, eta baita haur eta gaztetxoenak ere. Eta aisia eskaintza bat egiteaz gain, haur eta gaztetxoek eurek hainbat ekimen proposatu, eztabaidatu, erabaki eta gauzatu dituzte.  Ume eta helduak batera biltzeko batzar bateratuak ere antolatu ditugu, ume , gazte eta heldu elkarrekin lan egiten ohitzen hasi gara, berdinetik berdinera, guztion proposamen eta iritziei balio eta errespetu bera eskainiz.

Aisialdiaren esparruak zein tresna ematen ditu?
Aisialdia definituko bagenu, eskola, lana, familia zein gizarte esparruetan pertsonak dituen derrigorrezko egin-beharretatik kanpo dagoen denbora tartea da: alegia, bakoitzak nahi duena egiteko erabili dezakeen denbora. Aisiako jarduera gauzatzeak gozamena eta poza ematen dio norbanakoari. Euskara, parte hartzea, auzolana eta balio hezitzaileak gozamenarekin lotzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen digu.

Orain arteko aisialdi eredua zein izan da? 
Orain arte eskaintza umeei edo gazteei edo helduei egin zaie. Gurasoak helduen multzoan kabituko lirateke. Gure ekimenean eskaintza familiei egiteko beharra ikusi dugu, aisiaz elkarrekin gozatu nahi dugu, guraso, ume eta gazte elkarrekin.