Txapelketa ugaritan izan da Fermin Balda gaztea judoan hasi zenetik. Aurten pausoz pauso Espainiako kopako txapelketan postuak igotzen joan da eta urte hasieran Burgoseko jardunaldian txapelketan hirugarren izan zen. Harekin bildu gara kirol honetan nola hasi zen jakin eta hurrengo erronkei buruz hitz egiteko.
Zergatik hasi zinen judoan?
Txikitan eskolan umeekin borrokan hastean galdu egiten nuen. Azkenean nazkatu eta amari defendatzen ikasi nahi nuela esan nion.
Zein mailan zaude egun?
Kadete mailan hirugarren urtea. Lehen bi maila ziren, baina iaz gauzak aldatu eta orain kadete eta juniorrak hiru urte dira maila bakoitzean.
Zein pisutan zaude? Zenbat aurkari daude maila honetan?
73 kilo baino gutxiagoko pisuan nago lehian. Gure mailan kopuru polita gaude, Espainiako kopan 35 bat pertsona daude. Gipuzkoa mailan nik uste 9-12 inguru izango garela.
Maila handiago arerioen artean?
Batzuk besteak baino hobeak dira. Baina lehiatzean ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Ez dut pentsatzen zein den aurkaria eta guztia ematen dut.
Zaila al da pisua mantentzea?
Aurten pixka bat zaila egiten ari zait. Pisua juxtu-juxtu mantentzen ari naiz, eta lehiaketa datorrenean, janaria kontrolatu edo ariketa gehiago egin behar dut erretzeko.
Zenbat entrenatzen duzu? Zaila al da entrenamendu erritmoa jarraitzea?
Astean lau egunetan entrenatzen dut eta ez da zaila erritmoa jarraitzea. Batzuk gehiago entrenatzen dute. Maila profesionalean daudenek esate baterako, sei egun eta sei edo bederatzi ordu entrenatzen dituztenak, zer esango dute?
Eta entrenamenduak ikasketekin uztartzea...
Niri beti esan didate guztia antolaketa kontua dela. Ikasketak eta kirola batera ezin direla egin gezurra dela. Antolamendu kontua da. Ni esate baterako, Gorritin bizi naiz, egunero etortzen naiz Lasarte-Oriara, bizitza hemen egiten dut, ikasketak, kirola...
Aurten Kadeteen Espainiako Super Kopan izan zinen lehian eta Burgosen hirugarren izan zinen, Hondarribian bosgarren, Vigon bederatzigarren. Postuak hobetzen zoaz...
Vigoko lehiaketan hobeto egin ahal nuenaren sentsazioarekin atera nintzen. Hondarribian gauzak ongi atera zitzaizkidan. Entrena-tzaileak esandakoari kasu egiten nion eta ahal nuen guztia egin nuen.
Burgosen berdin, han ere ahal nuen guztia eman nuen. Eta batzuetan ateratzen da eta besteetan ez...
Baina hirugarren postua lortu zenuen. Ez al da garrantzitsua?
Beno. Ez da horrekin geratu behar. Garrantzitsuena hona etorri entrenatu eta hobetzen jarraitzea da.
Gipuzkoako txapelketan senior mailan lehiatu zara lehenengoz. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso ona izan zen. Ni baino hobea zen jendea zegoen. Baina ni berdin-berdin lehiatu nintzen. Batez ere, probatzeko zen, entrenamendu gisa. Ahal nuen guztia eman nuen, ez dago eta beste modurik ikasteko.
Noiz duzu kadete mailako Gipuzkoako txapelketa? Zaila izango al da?
Junior mailako txapelketa otsailaren bian izan da eta otsailaren 9an kadete mailakoa. Nire ustez lehiaketa guztiak dira zailak. Gainera, egun guztiak ez dira berdinak eta aipatu bezala, batzuetan gauzak ateratzen dira eta besteetan ez. Junior txapelketan ez nuen uste lehenengo izango nintzenik ezta hurrik eman ere. Jende oso ona zegoen. Normalean ez naiz arerioaren mailan pentsatzen jartzen, bestela urduritzen naiz. Pentsatu nahi dudan bakarra momentua iristean ahal dudan hoberena egitea da. Bestela oker egingo dut.
Eta oso garrantzitsua da entrenatzaileak esandakoari kasu egitea, bestela nire ustez galduta zaude.
Eta Euskadikoa?
Ez dakit ziur. Uste dut martxoa bukaeran edo apirilaren hasieran izango dela. Baina hor egiteko lehendabizi Gipuzkoako txapelketan sailkapena lortu beharko nuke.
Atzerrian ere lehiatu al zara?
Aurten ez dugu kanpoan lehiatu. Aurreko urteetan Frantzian txapelketaren batean edo torneoren batean izan nin-tzen eta bertan dominaren bat eskuratu nuen, baina ez beste apartekorik.
15 urterekin lortu zenuen gerriko beltza. Bigarren dan-a lortzeko prestatzen ari al zara?
Bai horrela da. Iaz puntuak lortu nituen azterketa aurreratu eta aurkeztu ahal izateko. Urte bat geratzen zait. Nire asmoa bigarren dan-a atera nahi duen beste kide batekin lan egin, prestatu eta aurtengo abenduan azterketara aurkeztea izango litzateke. Baina ikusiko da.
Sanbon ere lehiatu zara...
Bai, baina aurten ez dut gogorik. Modalitate asko dira eta nire ustez entrenamendu asko galtzen da. Hobeto da judoan bakarrik entrenatzea. Beste txapelketak eta arlotan aritzea ongi dago, baina ez da abusatu behar. Niretzat esan bezala, entrenamendu asko galtzen dira. Sanbon bakar batzuk izan eta Espainiako txapelketan bigarren edo hirugarren izatea, nire ustez ez du pena merezi.