Kasualitatea edo kausalitatea?

unai-munoa 2014ko otsailaren 7a

Zergatik aukeratzen ditut beti antzeko ezaugarriak dituzten bikoteak? Zergatik makurtzen naiz autoritatearen oinetara? Edo, zergatik erakusten dizkiot beti hortzak agintzen duenari? Zergatik erortzen naiz beti harri berean? Zergatik errepikatzen dira nire bizitzan arazo berdintsuak, behin eta berriz? Kasualitatea da, eta nire esku ez dauden arrazoiek sortutako egoerak dira, edo kausalitatez, nik ere badut erantzunkizunik guzti horretan? Gaitzak zortearen egokiera bat bailiran ulertzen ditugu gehienetan, eta medikuek eta farmakoek sendatu zain geratzen gara. Ulertu genezakeen gure bizitzeko moduak eta gure oreka per-tsonalak zer ikusia izango dutela garatu dugun gaitzarekin, eta sendatzeko bidean ere, zer egin eta landu geneukakela, baina ez. Krisia, elite ekonomikoen eta politikoen kudeaketaren ondorio dela argi daukagu langile gehienok, eta haien ustelkeriak ekarri gaituela egoera honetara ere bai. Ondorioz, haiek aldatu eta konpondu beharko dute egindako kaltea. Baliteke geuk ere zorrari beldurra galdu izana, kontsumo irrazionalaren sarean korapilatu izana, gure txilborrari begira bizi eta inguruko beharrekiko itsutu izana… Baina…Emakumeen aurkako bortizkeriak, gizarte matxista baten erakusle diren gizon desekilibratuen arazoa da, eta zalantzarik ez dugu eraso horien aurrean gogor eta tinko erantzun behar dugula aldarrikatzerakoan. Baina, gure egunerokoan ditugun jarrera bortitzak, gure harremanetan egiten ditugun gehiegikeriak… horiek ez ditugu horren aztergai, errudunak aurkitzeko zain.  Badakit, gaitzak ustekabean eraso dezakeela, onartezina dela agintzen dutenen politika eta bortxaketaren zein emakumeen kontrako biolentziaren aurrean matxinatu egin behar garela. Esaten dudan bakarra da, gehiago jarri behar dugula ispiluaren aurrean, gure buruaren ardura eta kontzientzia hartu behar dugula, iraultza norbere aldaketatik hasten dela, korapiloak guregan daudela eta geuk dakigula nola askatu… Kausalitatez edo kasualitatez, onena opa dizuet, denoi.