Zorionak zuri ere!

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 5a

Lasarte-Oriako hainbat elkartek bat egin zuten azaroan Errigora ekimenarekin eta ehun bat izan ziren gurean banatu ziren saskiak. Argia saria jaso berri du egitasmoak eta sustatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete saskiak banatu edota erosi zituzten herritarrei.

Errigoraren ekimenez eta AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Zazpiak Bat-en babesaz, “Nafar Hegoaldeko uzta; euskarari puzka” kanpaina jarri zuten martxan urriaren 28an. Honen bidez, Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzari laguntzeko Nafar Hegoaldeko produktuz betetako saskia jarri zuten salgai.

Sustatzaileek azaldu zutenez, 8.000 saskitik gora banatu ziren Euskal Herriko herrialde guztietan zehar. Guztira 112.000 euro batu ziren Nafar hegoaldeko  euskalgintzarako. Hain zuzen, Lodosako ikastolarentzat, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimena eta Erriberako AEK-rentzat.

Argia saria

Egitasmoak aurreko astean Publizitateko Argia saria jaso zuen eta honakoa bidali nahi izan dute sustatzaileek eskerrak emateko.

"Nork esango zigun hainbeste poztasun eskainiko zizkigula ERRIGORA-k ehhhh. Beraz zorionak zuri ere auzolan ekimen honetan sinistu eta inplikatu zarelako. Erribera eta ERRIGORA, herria egin daitekeela sinetsi eta Nafarroa hegoaldeko errealitatea mahai gainean jarriz, ilusioz betetako dinamika bat martxan jartzea lortu dugu. Parte hartze bikaina, giro ederra, elikagai goxoak, nafar ekoizleei eskari itzela... eta gainera 112.000 €-ko ekarpen ekonomikoa 3 euskara eragilerentzat.

Azkena berriz, Argia-tik datorkigu... Zer eta 2014-ko Publizitateko ARGIA SARIA. Ba goza ezazu zurea ere bada-eta."