Ohiturari eutsiz

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 4a

Santa Ageda bezperan herrian hainbat talde atera dira eskean. Herriko ikastetxeetako haurrak izan dira lehenengoak eta arratsaldean zehar, Zabaletako bizilagunak, Amalur trikiti eta pandero eskolakoak, Erketzeko kideak eta Xumela eta Earra! bertso eskolako lagunak irten dira kantuan.

Landaberriko ikasleak izan dira Santa Ageda bezperan herriko kaleak kantuz betetzen lehenengoak. Herriko erdigunean zehar ibili dira goizeko hamarrak inguruan hasita. Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko zaharrenek goizean Zumaburuko txikiei abestu diete eta arratsaldean gurasoen aurrean egin dute emanaldi xumea.

Xumela abesbatza eta Earra! Bertso eskola, Erketz dantza taldea, Zabaleta auzokoak eta Amalur Trikitixa eskolakoak ere ohitura zaharrari eutsi eta Santa Ageda bezpera ospatu nahi izan dute. Aipatu behar da arratsaldean atera diren taldeek haize zakarrari eta euriari aurre egin behar izan diotela ibilbidea hainbatetan moldatuz.

Zabaletako bizilagunak urtero bezala lehenengo auzoan eta ondoren inguruko baserrietan kantatu dute. Ordu berean, Amalur eskolako txistulari, trikitilari eta pandero-joleak eskolatik atera eta herriko erdigunean ibili dira kantuan. Ikasleen gurasoak ere taldea jarraitzen eta kantuan laguntzen ikusi ahal izan ditugu.

Erketz eta Erketzeko lagunak taldeko dantzariak 18:30an abiatu dira eta hauek ere, erdigunean hasi dute ibilbidea. Azkenak, Xumela abesbatzako eta Earra! Bertso eskolako kideak izan dira. Jalgin hasi dira eta ohi bezala, Santa Ageda kantuak eta bertsolarien koplak tartekatu dituzte, kale eta tabernetan. Ama Brigitarrei ere urteroko bisita egin diete eta Muntteri euskaltegian izan dira ikasleekin batera koplak abesten. 

Eguneko argazki eta bideo batzuk hemen dituzue.