Eskukotasuna

Jexux Artetxe 2014ko otsailaren 4a

Azken garaiotan, eskukotasunaren aldeko joera bat hedatu da gure artean. Batik bat, gure eskuko bagarela aldarrika nahirik, Durangotik Iruñera bitarte eskuz eskuko giza-katea egin nahi dutenen ekimena iragarri denez gero. Ekinbideak ireki duen abaguneaz baliatuta, hara eztabaidari lagungarriak izan dakizkion zenbait gogoeta. Gure esku dagoena egiteak ez digu besterik gabe bidezkoena hautatu dugunik egiaztatzen. Berdin balia daiteke etxea ondu edo hondatzeko. Hona Latxagak ikusi zuena: “bi eskukoak izaki,… batetik etekina eta atsedena dator, bestetik mina eta grina ilunak”. Esaterako, euskal herriaren iraungarritasuna (naziotasuna) jarri al daiteke borondate hutsean oinarritzen den ekinaldi baten menpe? Eskuko izatea baino funts handiagoko esamolderik aukeratu beharrean, burujabe izatea hobetsi beharko genuke. Herri bezalako herentzia arduraz zaindu eta ontzea behartzen gaitu, aurrenik. Baina, bere buruaren jabe denak badaki, bere eskutik egindakoen ondorioez ohartuta baitago, bere buruaz ez ezik bere ingurukoenaz ere baduela erantzukizunik. Burujabetzaren ariketa, ordea, behetik gora trinkotzen den horietakoa da. Aurrena zorua finkatu, azkenik teilatua eman. Hurkoa (lehen auzoa, etxekona,…) lehenetsiz. Gure eskutik, baina behar den arduraz egiteko badugu lan nahikoa etxean, auzoan eta herrian. Bizi dugun garaiaren larrian, hainbeste jenderen estualdiaren aurrean, gure esku bailegoke auzolanean erantzunak prestatzea.Orobat, bizikidetzarentzat aukera ireki denean, orube etikoa Lasarte-Oria osora zabaltzeko elkarlanean aritzea. Horregatik, zail da ulertzea bertan lehen auzoari laguntzeko, dituen beharrizan gorrienetan, elkarrekin aritzeko gauza ez garenok nola eskutik hartuko dugun Durangon, Iruñean edo bien bitarteko edozein tokitan.