Etxe kaleratzeak gai,"Kale gorrian" lanean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 3a

Lasarte-Oriako kultura saila, Kukuka antzerki eta dantza eskola eta Orratx taldeko kideek gaur goizean Kale Gorrian antzezlana aurkeztu dute. Udalak herriko taldeekin batera urtean zehar antolatu duen amateur antzerki eta dantza egitarauaren barruko bigarren ekitaldia da.

Boris Nogales kultura zinegotzia, Alex Tello Kukuka antzerki eta dantza eskolako kidea eta Orratx taldeko Lierni Fresnedo eta Mertxe Larrea izan dira gaur goizean larunbatean, Manuel Lekuonan, arratsaldeko 20:00etan eskainiko den "Kale gorrian" antzezlanaren aukezpenean.

Boris Nogales kultura zinegotziak gogoratu duenez, "antzerki eta dantza amateurra sustatzeko asmoz herriko taldeekin lanean hasi ginen". Aurreko astean Lan eta Lan EPAko ikasle ohien antzerki taldeak proposatuta Sauna Deluxe ikuskizuna izan zen eta "harrera ona izan zuen" zinegotziaren hitzetan.

Euskal antzerkia

Otsailean, berriz, Kukuka antzerki eta dantza eskolaren txanda izan da eta horregatik larunbatean "Kale Gorrian" lana ikusi ahalko da Manuel Lekuonan.

Alex Tellok Kukuka antzerki eta dantza taldeak euskal antzerkiaren alde lan egiten duela azaldu du, "aste honetan Orratx taldeko lagunak datoz, baina aurretik Abarka Taldea edo Errenteriako Metro Koadroka taldeak ere izan dira herrian".

Era berean, antzerkia eta antzerkiarekiko zaletasuna sustatzeko apustuak ere "aurrera darrai" aipatu du.

Larunbatean Orratx taldeak dakarren lana antzerki landua dela azpimarratu du.

Lierni Fresnedo antzerki taldeko zuzendariak aipatu duenez, "ilusio handiz dator taldea Lasarte-Oriara". Bide batez, Udala eta Kukuka antzerki taldeari eskerrak eta zorionak eman dizkie "horrelako proiektu bat izateagatik".

Orratx taldeak 15 urte daramatza lanean Lezon. 18 ikuskizun eskaini ditu eta harrobia ere lantzen du. Zuzendariak azaldu moduan, "egonkortasuna du, Udaletxearen laguntza eta jendearen babesa duelako". Herriarekin elkarlana egiten du eta azpimarratu dutenez, “herrian antzerki taldea izatea aukera ederra da. Izan ere, jendea antzerkira hurbiltzea errazten baitu”.

Etxe kaleratzeak

"Kale Gorrian" Sergio Cabreras-en “La estrategia del caracol” lanaren moldaketa da. “Lan handia izan da hau moldatu eta euskaratzea,” aipatu du Fresnedok aurkezpenean.

Gaur egungo gaia jorratzen du "Kale Gorrian" lanak, etxe kaleratzeak. Kale batean bi etxebizitza daude eta jabeek bota egin nahi dituzte “El Corte Inglés” bat eraikitzeko. Kaleratzea saihesteko auzotarrek imajinazio eta ilusioz hainbat ekintza eramaten dituzte aurrera. Antzerki taldeko Mertxe Larreak aipatu duenez, “estrategia nola erabiltzen duten aurkezten da. Hau gainera auzolanean egindako estrategia da. Marra gorria pasa gabe egin daitekeena aurkezten du”. Antzezlanaz gain, proiekzioak ere izango direla aurreratu dute, “lehenengo aldia da proiekzioak eta marrazki bizidunak erabiltzen ditugunak”.

Orratx taldeko zuzendariak azaldu legez, "gaur egungo egoerarekin zer ikusia du eta umorea erabiliz gaia tratazen da. Eta lanak erantzun ona izan du erakutsi dugun lekuetan, Errenteria, Oiartzun,...”

Boris Nogales zinegotziak gogoratu moduan, herriko elkarteek kudeatzen dute sarreren salmenta eta haien proiektuetarako bideratuko dute dirua. Leihatilan dagoeneko eskuragarri daude sarrerak, gaurtik ostiralera 3 euro ordainduko dira eta egunean bertan, 5 euro.

Kultura saileko arduradun eta Kukuka antzerki taldeko lagunek herritarrak animatu nahi dituzte, “adin guztiei zuzendutako” antzerki lana ikustera.