Etxeko txikiek haien eztarriak sano dabiltzala erakutsiko dute. Landaberri Ikastolako txikiak izango dira lehenak. Ikastolan edo herriko kaleetan haien kopla kantuak entzuteko aukera izango da. Landaberri LH-en berriz, Zubieta alderantz egingo dute bidea.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko zaharrenek goizean Zumaburuko txikiei abestuko diete eta arratsaldean, 16:30ean, gurasoek gozatu ahalko dute gaztetxoen Santa Eskeaz.
Baserrietan eta kalean
Xumela abesbatza eta Earra! Bertso eskola, Erketz dantza taldea, Zabaleta auzokoak eta Amalur Trikitixa eskolakoak ere ohitura zaharrak gorde eta Euskal Herriko eguna ospatuko dute.
Zabaleta auzoko lagunak 18:00etan aterako dira Antonio Blas plazatik. Urtero bezala lehenengo auzoan eta ondoren inguruko baserrietan kantatuko dute, azkenik Goiegi jatetxean bukatu eta bertan afaltzeko.
Ordu berean, Amalur eskolako txistulari, trikitilari eta panderojoleak eskolatik aterako dira eta Lasarte-Oriako erdigunean oles egingo dute.
Erketzeko eta Erketzeko lagunak taldeko dantzariak 18:30an dute hitzordua. Hauek ere, erdigunean hasiko dute ibilbidea, baina Kaxkarro aldeko baserrietara ere hurbilduko dira Santa eskea egitera.
19:00etan, Xumela abesbatzako eta Earra! Bertso eskolako kideen lehen doinuak entzuteko aukera izango da Jalgin. Ohi bezala, Santa Ageda kantuak eta bertsolarien koplak tartekatuko dituzte, erdiguneko kale eta tabernetan. Ama Brigitarrei ere bisita egingo diete.
Ttakunek, Xumelak eta Bertso eskolak herritarrak gonbidatu nahi ditu ohitura jarraikiz, abestera.