Aurrematrikula egiteko garaia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 3a

Herrian bada hezkuntza eskaintza zabala eta udalak honen berri ematen duen informazioa helarazi du matrikulatzeko sasoian dauden umeen etxeetara "Aukeratu ongi orain" eta "Lasarte-Orian duzu nahi duzuna" lelopean. Aurrematrikula egiteko lehenengo eguna gaur izango da eta azkena otsailaren 14a.

Udalak herriko ikastetxeen eskaintza jaso-tzen duen informazioa bidali du matrikulatzeko garaian dauden umeen etxeetara. Bi eta hiru urterekin eskolan hastea egokitzen zaie 2011 eta 2012 jaiotako haurrei. 
Herriko hezkuntza ibilbidea 0-3 urte artekoentzat udal haur-eskolan, Andre Joakina-Enean hasten da. 
Ondoren Haur Hezkuntza, 2-5 urte, eta Lehen Hezkuntza burutzeko 6-11 urte artekoa, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu eskolak dituzte aukeran Lasarte-Oriako gurasoek.  Bigarren honetan bilera egingo da bihar Zumaburun 17:30ean.

Seigarren maila bukatuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak gauzatzeko Landaberri BHI eta IES Lasarte-Usurbil BHI-ra jo dezakete gaztetxoak eta azkenik, batxilergoko ikasketak egiteko, 16-18 urte bitartean, IES Lasarte-Usurbil BHI-n legoke aukera. Honetan eskaintzen diren batxilergoak, Giza eta Gizarte-Zientziak eta Zientziak eta Teknologia dira. 

Euskara nagusi
Herrian dagoen hizkuntza ereduari dagokionez, D eredua da Lehen Hezkuntza amaitu artean bi ikastetxeek eskain-tzen dutena, hau da, dena euskaraz. Izan ere “esperientziak erakusten duenez, D ereduaren bidez iristen da gaztelaniarekin batera euskara egoki menderatzea eta haurra elebidun bihurtzea” dio Udalak banatutako informazioan. DBH eta Batxilergoa egiteko aukeran berriz euskara eta D eredua apustua izan arren, B eredu elebiduna eskaintzen da baita Landaberri BHI eta IES Lasarte-Usurbil BHI-n ere, hala ere, “euskara ongien menderatzeko aproposena D eredua da” .