Hiru saritu gidabaimena euskaraz ateratzeagatik

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 3a

Eguerdian Astigarragan egin da 2013an Buruntzaldeko auteskoletan gidabaimena euskaraz atera zuten ikasleen artean zozketa. Herrian sarituak suertatu dira Miren Cuerdo, Nerea Sanchez eta Itziar Mugika. Datozen asteetan emango zaie atal teorikoa ateratzeagatik 400 euroko saria.

Lasarte-Oriako Mugica, Lasarte eta Izarra autoeskolak dira egun gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dutenak. Aurten lehenengoz autoeskola bakoitzeko sari bana eman beharrean, herriko autoeskolen araberako sariak banatu dira, Lasarte-Orian hiru.

Horrela, 2013. urtean euskaraz azterketa gainditu zutenen artean, sarituak Miren Cuerdo, Nerea Sanchez eta Itziar Mugika izan dira Astigarragan egindako zozketaren arabera. Hauek 400 euroko saria jasoko dute datozen asteetan. 

2010. urtean martxan jarri zen gidabaimena euskaraz ateratzeko egitasmoa Buruntzaldeko udalek bultzatuta. Hauek 2009-2010 ikasturtean diru laguntzak bideratu zituzten autoeskolek behar zuten materiala euskaraz ateratzeko eta horrela ekimenarekin bat egin nahi zuten autoeskolak materialarekin hornitu. Egitasmoak pixkanaka arrakasta gehiago du ikasleen artean Boris Nogales eta Agin Laburu Lasarte-Oria eta Astigarragako euskara zinegotziek azaldu moduan.

135 ikasle
2010. urtean 34 ikaslek gainditu zuten azterketa teorikoa euskaraz, 2011ean 60, 2012an 113 eta 2013an 135 ikasle izan ziren. Ekimenaren oso balorazio positiboa egin dute bi zinegotziek eta gazteak gidabaimena ere euskaraz ateratzea animatu nahi izan dituzte. Sari banaketa egitearekin batera, udalek autoeskolekin maiatzean 2014ko kanpaina martxan jarriko dutela aurreratu dute.