Meritu handiko berdinketa Realaren aurkako neurketan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko otsailaren 2a

Balentriatzat defini daiteke Ostadarreko kadeteek Euskal Ligako 21. jardunaldi honetan egin dutena. Probintziako selekzio modukoa den Realari zuka egin dio Ostadarrek, hika ere bai tarteka eta bere aukeretan uneoro sinetsiz, talde urdin-beltza sorpresa emateko zorian egon da. Azken emaitza, banako berdinketa.

Dena den, Reala aurreratu zen markagailuan. Lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirela, kolpe animiko gogor samarra hartu zuten Ostadarreko mutilek zuzeneko falta jaurtiketa baten bitartez Reala aurreratu zelako.
Halere, herrikoek ez zuten amore eman, serio jarraitu zuten lanean, eta 67. minutuan Beniren erdiraketa bikaina probestu zuen Unai Iribarrek markagailuan behin betiko berdinketa jartzeko.
Eguraldi txarra izan da partidako protagonista, giro ezatsegina egiten zuen futbolean jokatzeko, ez zen norgehiagoka bikainik ikusi, baina urrezko puntua poltsikoratuta gustura ziren jokalari, zale eta entrenatzaileak. Sailkapenaren erdialdean jarraituko dute hortaz, eroso antzean.
Datorren astean beste talde historiko baten aurka jokatuko du, Alavesen aurka hain zuzen, Gasteizen.

Emakumeak kopan
Bestalde, Ostadar SKT-ko emakumeen taldeak asteburu honetan kopa lehiaketa hasi du Hondarribiaren aurka.
Lehen fasea bere multzoko sailkapeneko bosgarren postuan amaitu zuen, 13 punturekin.
Ondorioz, bigarren fase  honetan kopa jokatuko du emakumeen taldeak. 
Arerioak Eibar, Hondarribia, Antigua Luberri, Amara Berri, Usurbil eta Ilintxa dira.
Txapelketa bi itzulietara jokatuko dute eta lehen sailkatua izango da kopako irabazlea.
Ostadarreko neskak aurrean egoteko lehiatuko dira.