Agirre Sorondo etnografoa zendu da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 31

Etnografo hernaniarrak Lasarte-Oriako historiari buruz hainbat lan eta artikulu idatzi ditu. Sebastian Kerejeta herritarrak lan hau gogoratu nahi izan du.

Antxon Aguirre Sorondo etnografo hernaniarra zendu zen atzo, 67 urte zituela. Arantzadi Zientzia Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea eta Errotak Zaindu eta Ikertzeko Elkartearen sortzailea eta lehenengo presidentea izan zen.

Euskal kultura eta euskal historia ikertu eta ezagutzera eman zuten hainbat lan, artikulu eta hitzaldiren bitartez.

Lasarte-Oriarekin lotura estua zuen Aguirre Sorondok. Lasarte-Oria aldizkariko laguntzaileetako bat zen eta ondorioz, ehundaka orrialde zituen gure herriko historiari buruz idatziak. “Lasarte-Oria: veinte años y varios siglos”, “Oria: una comunidad de vida, un espacio de trabajo” edo “El mundo laboral de Lasarte-Oria” liburuak ere argitaratu zituen Udalaren babesarekin.

Sebastian Kerejeta herritarrak harreman estua zuen berarekin eta idatzi baten bitartez Lasarte-Oriarekin zuen lotura gogora ekarri nahi izan du. 

"Gure  mutiko denboran, Oriako kapelaua zen On Jose Maria Arrizubieta apaizak  askotan aipatzen zigun esaldi bat burura etorri zait une honetan,  “mundu honetan bidenabar gaude, noiznahi bidea bukatzeko arriskua dago eta prestatuta egon behar dugu, bitartean lagun hurkoari lagundu eta on eginez”. 

Hitz hauen ondoren, berri txar bat azaldu nahi dut, Antxon Aguirre Sorondoren heriotza, hain zuzen.  Minbiziak  jota zebilen azken aldi honetan eta joan den  ostiralean zendu zen  gizon zintzo,  jakintsu, apal, zuhur, atsegin eta langile nekaezin hau. Hernani jaio zen 1946 urteko martxoaren 4an  eta aspaldi honetan Donostian bizi zen.

Nik, 1987. urtean ezagutu nuen, telefono dei baten bitartez, LasarteOria aldizkaria sortu berritan. Gure proiektuaren berri iritsi zitzaiola eta beste hainbat herritako aldizkarietan ere idazten zuela eta gurean ere bere lankidetza musu-truk eskaintzeko prest zegoela esan zidan. Guk, bai pozik hitza hartu ere.

Geroztik, alero, bat hutsegin gabe, kalkulaezinezko lana egin du aldizkari honen bitartez, Lasarte eta Oriako kondaira sakon eta zuzen azaltzen. Lan miresgarria benetan berea.

Horretaz gain, gure herriari buruz eta bere historia jasoaz hiru liburu bikain idatzi zituen Lasarte-Oriako udalaren diru-laguntzaren bitartez argitaratu ahal zirenak. “Lasarte-Oria/Hogei Urte eta Hainbat Mende”, “El Mundo Laboral de Lasarte-Oria”  eta “Oria una comunidad de vida, un espacio de trabajo”

Lasarte-Oria, gizaldietan herri ezberdinen mende zatituta egon ohi zenez, idatzita azaltzen  ziren hainbat aipamen kanpotik edo zeharka begiratuta idatzita zeuden, nahiz, esan behar den, barrendik ikusita idatzitakoa ere badirela. Orain, Antxon Aguirre Sorondori esker, Lasarte eta Oriako iragana atal eta gai ezberdinetan banatu eta sakonki jorratu eta idatzita  gelditzen da jakin mina duenarentzat. Azkeneko hogei eta bost urteotan, beste hainbat eta hainbat lanez  gain, Lasarte-Oriaren alde benetan lan  bikaina eginda joanda.

Antxon Aguirre Sorondo antropolari ospetsua eta Idazle trebea eta egokia izan da eta bere ibilbide luzean dozenaka liburu argitaratu ditu Euskal Herriko kondai antropologikoa sakonduaz,   eta horrez gain, milaka artikulu argitaratu dira aldizkari ezberdinetan eta hainbat egunkarietan.  Hedatzaile egoki eta atsegina zenez hamaika hitzaldi ere emana da. Lasarte-Orian ere, Danok Kide elkartearen egoitzan sarritan aritu ohi zen urteetan zehar bere jakinduria hitzaldi eta ikastaroetan  eskaintzen.  Lasarte-Oriako nire bulegoan ere hainbat herritar ezberdinek hamaika tertuli gozo izan genituen berarekin gure herriko historia  jasotzen duten liburuak idazteko orduan.

Aztertze lana zuen gogoko eta, mundu zabaleko hamaika bazter ikusita joan da. Aztertu, antolatu eta zuzendu ondoren  idatzi edo jendeari  irakastea zen bere  grina eta helburua  mundu honetan.

Gure herriak eskerrona  zor diolakoan nago. Nerea badagokio oraintxe.

Goian bego.