Pablo Barrio alkateak euskaraz eta PSE-EEko Lourdes Acevedok gazteleraz, alderdi guztiek adostutako testua irakurri dute. Agerraldian PPko zinegotzia den Vanessa Velezek ezin izan du egon baina bere babesa azaldu duela argi utzi nahi izan dute bertaratutakoek. Erasoa gaitzesteaz gain, emakumeari elkartasuna eta laguntza eskaini diote eta biharko herriko emakume talde batek egindako elkarretaratzearekin bat egin dute. Bide batez, herritarrei ekimen honetan parte hartzeko deia luzatu diete.
Horrela honakoa adierazi nahi izan dute: "Udalak babes erabatekoa agertzen dio bortxaketa saiakera jasan duen neskari, eta bere familia eta lagunei. Udalaren babes osoa dute, eta bidelagun izango gaituzte, nahi duten neurrian, aurrerantzean eman beharreko urratsetan. Udalak bere salaketa irmoena adierazi nahi du izandako bortxaketa saiakerakasuaren inguruan. Ez da onargarria, mingarria eta errepikaezina da, izugarria eta oso larria gertatu dena. XXI.mendean, gure kaleetan halakorik gertatzea ez da salaketa hutsean geratu behar den zerbait. Udalak Ertzaintzari ahal den neurrian ikerketa azkartu dezala eskatzen dio gertatu dena argitu eta prozedura judizialari hasiera emateko. Udalak komunikabideei eskatzen die halako gaiek beharrezko duten ardurarekin jokatzeko. Gertaturikoa larria ez ezik mingarria ere badenez, erasotuak eta familiak merezi eta beharrezko duten intimitatea bermatzea exijitzen dugu. Ez dezagun espektakulurik egin drama honetanz.
Udalak bihar herriko hainbat emakueek eraso hau kalean salatzeko egindako deialdiarekin bat egiten du, eta herriko eragile eta herritar guztiei bertara azaltzeko gonbitea luzatzen die. 12:30ean Okendo plazan deitu dute emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta erasotuari babesa adierazteko.
Udalak konpromiso irmoa agertzen du, halakorik berriz errepikatu ez dadin beharrezko neurri guztiak hartzeko. Gertaera larria, slagarria, mingarria da. Baina ez hori bakarrik, herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute halakoek, pertsonaren askatasun indibiduala eta intimitatea urratu baitute. Honen aurrean, Udala ez da isilik geratuko, baina garrantztsuagoa: ez da hitzetan soilik geratuko.
Amaitzeko berriro ere ozen esan behar da hau ez dela kasu isolatua. Oraindik ere emakumeen aurkako indarkeria egotea ahalbidetzen duen egitura oso baten ondorio zuzena baizik. Horregatik, kasu hauek sufritzen dituzten emakumeei salaketa egiteko deia luzatzen diegu gure babes osoa izango baitute."