Bidaiarien hitzordua

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 31

Ttakunek antolatzen duen bidai diaporamen zikloa otsailean zehar egingo da. Aurtengoan, Irlanda, Nepal, Patagonia eta Korsika gertutik ezagutzeko parada izango da herrialde hauetan izan diren hainbat herritarrek prestatutako argazki proiekzioei esker. Guztiak 21:30ean izango dira Jalgin otsailaren 5, 12, 19 eta 26an.

Asteazkenean hasiko dira Ttakun Kultur Elkarteak Jalgin antolatutako diaporama saioak. Urteroko hitzorduari jarraiki, hainbat herritarrek munduan zehar izandako esperientziak azalduko dituzte irudien laguntzarekin. 
Azaroan egin ohi zen bidaizaleen topaketa otsailera aldatzea erabaki du elkarteak, horrela urte berriko oporraldiak antolatzen lagungarri izan daitezke saioak. Aurten lau herrialdek izango dute presentzia otsaileko asteazkenetan antolatutako emanaldietan. 

Irlandan hasita
Lehenengo emanaldia Xabier Erauskin herritarrak eskainiko du. “Kerry Way, Irlandako lurretan barrena“ da bere saioari emandako izena eta horrela Irlandako zonalde honetatik iazko abuztuan egindako mendi ibilaldiak azalduko ditu besteak beste. Irlandatik, Nepalera egingo da salto. Otsailaren 12an Ostadar mendi saileko kide batzuek herrialde honetatik egindako bidaia azalduko dute. Ia hilabeteko egonaldia egin zuten 2012. urtean eta mendiaz gozatzeko aukera izateaz gain, hainbat herri eta kultura ezagutzeko ahalegina ere egin zuten. Tartean, txirrindaz egindako ibilbidea ere izango dute hizpide. 

Otsailaren 19an berriz, mendia guztiz utzi gabe, Jexux Presarekin Patagonia ezagutzeko aukera izango da. Eta azkenik, otsailaren 26an, Alex Tetuan-en eskutik Korsika izango da hizpide. Herritarrak urrian lagunekin batera irlan egindako egonaldian, eskalada turismoarekin uztartu zituzten. 

Solasaldia eta ezagutza
Saio guztiak 21:30ean izango dira Jalgin. Bataz beste, 40 minutuko irudi bidezko aurkezpena prestatu dute partehartzaileek eta hauen ondoren, ikusleek nahi beste galdera edo zalantza plazaratu ahal izango dituzte ikusi eta entzundakoaren inguruan. Helburua solasaldia egitea da denen artean gau giro bikainaz gozatzeko. Tarte horretan izango da zer jana antolatzaileen esku. Saioak doakoak dira eta partaide zein antolatzaileek hauetan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.  Bide batez, aukera paregabea da munduko txoko, kultura, paisaia... ezberdinak ezagutzeko etxetik ia mugitu gabe.