Inauterietan taberna kudeatzeko deialdia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 30a

Inauteriak gainean ditugu eta udala egun horietarako ekintza egitaraua osatzen ari da. Tartean Okendon jarriko den karpako taberna deialdi irekian herriko taldeei eskaintzen die.

Udalaren Gazteria, Festak eta Kirolak depatamentuak herriko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta entitateei eskaintzen die aukera Inauteri hauetan Okendo plazan jarriko den karparen barruko taberna kudeatzeko. 

Inauteriak martxoaren 1ean eta 2an izango dira Lasarte-Orian eta egun hauetan taberna jarri eta ustiatzeko ardura izango du eskaera egiten duen elkarteak. Gabonetako Haur parkean esaterako, ASIDEL herriko langabetuen elkarteak eskuratu zuen bertako sarrera eta taberna kudeatzeko eskumena  bigarren urtez. Baldintzen artean, programazioan ezer ez dagoenean ere, taberna honen kontrola taldeak hartuko duela azpimarratzen du udalak. Bestalde, tabernatik ateratako etekinak bere osotasunean talde edo elkartearentzat izango direla jakitera ematen du udalak. Baldintzen artean, eskaera egiterakoan taldeak aurrez justifikatu beharko du gaitasun eta pertsonal nahikoa baduela bi egun horietako . Deialdi ireki honetan parte hartzera gonbidatzen ditu udalak herriko elkarteak.  

Otsailak 15
Interesa duten talde guztiek, otsailaren 15a baino lehen Udaletxeko erregistroan haien eskaria egin beharko dute. Proiektuek oniritzia jaso ondoren, talde guztiekin zerrenda bat osatuko du udalak eta inauterietako tabernaren kudeaketa noren esku geratzen den erabakitzeko zozketa bat egingo dela jakitera eman du.