Hondakinen gaiarekin aurrera egiteko prest

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 29a

Urte bete igaro da “Bosgarren edukiontzia”-ren batzordea osatu zela eta PNV eta PPren bozkekin PSE-EEk batzordearen lehendakaritza hartu zuela. EHBilduk urte honen balorazioa egin eta hondakin bilketa sistema aproposena aurkitzeko eskua eskaini die beste alderdiei.

“Bosgarren edukiontzia”-ren batzordearen balantzea egin du gaur arratsaldean Lasarte-Oriako EHBilduk. Batzordearen gelditasuna hautsi eta hiri hondakinen gaiak aurrera egin behar duela adierazi du.

Batzordea sortu zenetik urte bete igaro eta honetan hondakin sistemarik onartu ez dela azpimarratu dute koalizioko ordezkariek.

Agerraldian gogoratu dutenez, batzordearen lehendakaria den Jesus Zaballosen intentzioa Gipuzkoako beste udalerrietako ezarketa aztertu eta gure udalerrirako sistema egokiena aukeratzea zen. 2013. urteko aurrekontuetan batzorde honek bosgarren edukiontzia ezarri eta informazio kanpaina egiteko 12.000 eurotako partida zeukala ere aditzera eman dute.

Elkarlana

Gure herrian hondakinen kudeaketak bizi duen impasse-a desblokeatze asmoz, Udala sortzen duten beste alderdiei elkarlaneko eskaintza egin die EHBilduk. “Ez dugu ohituta gauden kexa elkartrukean erori nahi. Akordioetara iristeko unea da eta guztiok bat egiten dugun helburuetan aurrera egiteko elkarrekin ahaleginak batera bateratuz lan egin behar dugula deritzogu”. Honela, bilketa sistema alde batera utzita koalizioak ezartzen duen helburua “birziklatze tasa Europak markatzen duen %60ra iristea da”.