Itsaspea ezagutzeko zinema zikloa

maider-azurmendi 2014ko urtarrilaren 29a

Goizean aurkeztu dute Danok Kideko kideek udaleko kultura saileko ordezkariekin eta Nano Cordovilla Donostiako Itsaspeko zinemaldiko zuzendariarekin, Itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa. Hirugarren edizioa izango da eta otsailaren 3, 10 eta 17an ikusi ahalko dira filmak Manuel Lekuonan. Aurten lehenengoz herriko ikastetxeetako haurrentzako saio bat izango da.

Udaleko kultura ordezkariekin batera agerraldia egin dute Danok Kidekoek Itsaspeko zinemaren nazioarteko hirugarren zikloa aurkezteko. Honetan parte hartu du ere Nano Cordovilla Donostiako Itsaspeko zinemaldiko zuzendariak.

Lasarte-Oriara ekarri diren film asko, Donostiako Itsaspeko azken zinemalditik pasatakoak dira eta Nano Cordovillak azpimarratu duenez "kalitate handikoak denak". Boris Nogales kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie egitasmoaren sustatzaileei eta aurreratu du lehenengo aldiz goizeko emanaldi bat egingo dela otsailaren 10ean, "herriko ikastetxeetako 200 ikasle etorriko dira".

Nano Cordovillak azpimarratu nahi izan du zinema ziklo honek besteak beste "itsaso azpian dagoena ikusteko balio behar du eta konturatzeko bertan dagoena zaindu behar dugula denok".  Izan ere, bere ustez kontzientzia falta handia da gai honen inguruan.

Egitaraua

Lehenengo saioa astelehenean izango da, otsailak 3, eta honetan 16 minutuko iraupena duen Antonio Ballesterosen "Marina del Este" ikusiko da lehenengo eta jarraian, Rafa Herreroren "Isora: Historia de una manada de calderones".  Urte batean kalderoi-talde batek egiten duen bizitza kontatzen du, baita inguru horretan bizi diren biztanleena ere. Isora Tenerife ekialdeko kostaldean bizi den kalderoi tropikalen talde bateko matriarka da.

Otsailaren 10ean, "Koralezko itsasoa" film honek Australiako itsasoetara eramango ditu ikusleak, zehazki koralezko barrera handira. Honakoa euskaraz ikusi ahal izango den film bakarra izango da gainera. Cordovillak azaldu duenez, Donostiako Real Sociedad-en Itsaspeko sailak ahalegin handia egin du hainbat film euskaratzen. Guztira hiru itzuli dituzte eta horietako bat da herrian ikusiko den hau.

Honen ostean, "The ocean Brothers"  eta "La ley del Hambre". Lehenengoak esaterako film laburren sailean, sari nagusia eskuratu zuen Donostiako zikloan.

Otsailaren 17an berriz, Domenico Dragoren "los versos del capitán" ikusi ahal izango da, honek diaporama sailean eskuratu zuen lehenengo saria eta "maisulana da". Ondoren, "Baja" Mexikoko itsasoekin, Monica Sagreraren "Corazón de Piedra" eta "Mar de un bosque encantado". Azken hau Jorge Candamen filma da eta Galiziako itsaspea erakusten du "hau ikustea gure itsaspea ezagutzea bezala da".

Danok Kideko kideek herritarrak animatzen dituzte hauetan parte hartzera. "Filmak zoragarriak dira, mundu mailan ezagunak". Aurreko edizioetan zikloak izandako ikusle kopurua ona izan arren, handitzea dute erronka Danok Kidekoek. Saio guztiak 19:30ean izango dira Manuel Lekuonan eta denak doan direla azpimarratu dute.