Lapurreta kopurua azken urteen mailan

maider-azurmendi 2014ko urtarrilaren 27a

Azken hilabeteetan Lasarte-Oriako taberna eta dendarien artean kezka zabaldu da gertatu diren hainbat lapurreta direla eta. Hala ere, udaltzainek diote urtero gertatzen direla halako lapurreta boladak eta datuei erreparatuta ez dela 2013an gorakada nabarmenik izan. Hala ere, hainbat gomendio ematen dituzte etxean, autoetan zein denda eta tabernetan lapurretak ekiditeko.

Herritar askoren ahotan izan dira 2013 bukaeran herrian gertatutako lapurretak. Hala ere, larritzeko arrazoirik ez dagoela diote udaletik. “Datuak urtero mantentzen dira. Boladaka izaten dira gertakari gehienak, eta urte batean mota batetako lapurretak igotzen dira eta beste batetakoak jaitsi eta alderantziz. Bizi dugun krisi ekonomiko garai larri honen testuinguruan, ez dago lapurreta gorakada nabarmenik”.

Datuak
Lasarte-Oriako udaltzaingoak emandako datuen arabera, ibilgailuen lapurretari dagokionez, 2011 bat eta 2012an beste bat lapurtu ziren eta 2013an berriz, 4 izan ziren, aldatu dena da, “2013an motoak lapurtu dituztela eta aurrekoetan ez”.

Ibilgailu barruan egindako lapurretek ordea, behera egin dute. 2011ean 70 izan ziren, 2012an 69 eta 2013an 52. Garaje eta baxuetan berriz, gorakada gertatu da. Udal-tzainek diotenez, hauetan lapurrek batez ere txirringa onak bilatu dituzte azkenaldian.

Etxeetan gertatutako lapurretetan, 2 salaketa izan ziren 2011 eta 2012an eta 2013an 3. Pertsonei egindakoak, 2013an batez ere asteazkenetan, azoka egunean gertatu direla azpimarratu dute udaltzainek eta 15 izan dira jasotako salaketak. 

Dendetan berriz, beherakada izan da lapurreta kopuruan, 2011ean 16 gertatu ziren, 2012an 11 eta 2013an 9. Enpresetan 2012an bezala, 4 lapurreta jazo dira.

Iruzurrak
Udaletatik argitu nahi izan dute datu hauek udaltzainek jasotakoak direla “Ertzaintzarengana zuzenean jo denean, gerta daiteke datu hauetatik kanpo geratzea salaketa hori”. Hala ere, udaltzainak jakinaren gainean jartzen ditu beti Ertzainak edozer gertatu dela.

Bestalde, udaltzainek jasotzen dituzten salaketa guztien artean, iruzurrak ere badaudela diote. Hau dela eta, herrian zabaltzen diren lapurreta edota bestelako gertaeren inguruko zurrumurruak ez direla sinetsi behar diote udaletik. Kasu hauetan ikerketak zabaldu dira eta Er-tzaintzarekin elkarlanean argitu dira horietako batzuk. Kaleetan ahoz aho gehien zabaldu diren gertakariak pistolarekin egindako hiru atrakoak izan dira. Kotxerasen kokatuta dagoen Dia dendan, Aldaz hortz klinikan eta azkena Telepizzan. Ertzaintzak gauzatu ditu ikerketak udaltzainen laguntzarekin. Armaz egindako lapurreten kasuan, 2011ean 1 egon zen, 2012an 1 eta 2013an aipatutako 3rak jaso dituzte nahiz eta azkena 2014ko lehen egunetan izan den.

Egoera larria ez dala azpimarratuta ere, udaltzainek hainbat gomendio ematen dituzte lapurretak nolabait ekiditeko. Udaltzaingoaren telefonora deituta informazio gehiago eskuratu daitekeela ere gogoratzen dute 943 362442.

Aholkuak
Lapurretaren biktima ez izateko zenbait jokaera hartu behar da kontuan. Udaltzaingoak zenbait aholku ematen ditu gaizkileen jarduna eragozteko.
Kalean, “ahal dela, ez ibili leku bakarti edo argitasun gutxikoetan. Behar duzun dirua baino ez eraman, eta hainbat sakelatan banatuta. Poltsa aurrealdean gurutzatuta eraman. Saiatu kutxazain automatikoak bulego orduetan erabiltzen, bestela bulego barruko kutxazainak erabili, eta ez ahaztu atea blokea-tzeaz barruan zauden bitartean. Eska ezazu laguntza oihuka erasotzailea beldur dadin eta beste pertsona ba-tzuen arreta erakartzeko. Ez onartu kaleko salmentarik“. 

Etxean esaterako, “etxetik kanpo irteten zaren guztietan itxi atea giltzaz. Saiatu etxean objektu baliodunik ez meta-tzen, eta halakorik baduzu egin inbentarioa. Ezkutatu dokumentazio garrantzitsua, batez ere sinadura duena (aurrezki-libretak, ordain-txartelak). Ez utzi ezezagunei sartzen; zerbitzu teknikoen kasuan, eskatu ziurtagiria eta egiaztatu. Etxetik irtetean, denbora gutxirako bada ere, egiaztatu ate eta leihoak ondo itxita daudela. Alda ezazu sarraila etxebizitza berri batera aldatzen zaren bakoitzean, giltzak galdu dituzunean edo etxean lanak egin eta langileren batek giltzak erabili dituenean. Etxera iristean sarraila puskatu dutela ikusten baduzu, ez sartu: hatz markak ezabatu edo lapurrak barruan aurkitu, deitu Udaltzaingora berehala. Garrantzitsua da ere ez aipatzea  jendaurrean oporrak egitekotan zarela eta etxea hutsik geratuko dela“. 

Autoari dagokionez, ateak behar bezala itxi. Saiatu ibilgailua argiztatuta dauden  lekuetan aparkatzen. Garaje komunitario batean aparka-tzen bada, sartu eta irtetean egiaztatu bertako atea guztiz itxita geratzen dela. Inoiz ere ez utzi etxeko giltzak edo garajeko agintea ibilgailuaren barruan. Irrati-tresna finkorik baduzu, estali. Ateratzeko modukoa bada, kendu, segurtasun handiagoa izateko. Ez utzi baliodun gauzarik bistan, ez eta barruan tresna teknologikoak daudela sala dezakeen gailurik ere. Semaforoetan, gasolindegian edo bestelako lekuetan gelditzen zarenean, erne egon eta saiatu leihoak igota eta ateak blokeatuta edukitzen. Bidaiarik egiten baduzu, eta aldi baterako hiritik kanpo bazoaz, ez utzi ibilgailua luzaro leku berean aparkatuta, norbaitek lekuz aldatzea komeni da“. Dendetan, ixteko sistema ziurrak jarri. Instalatu kanpotik ikus daitekeen zaintza sistema. Itxi aurretik egiaztatu barruan ez dela inor geratzen. Eduki fatxadako argiak piztuta ixteko, sarrailak eta pertsianak manipula ditzaten eragotziko da horrela. Ez da komeni azken ordura arte itxarotea kutxa egiteko, hobe da jendea oraindik lanean ari denean, eta publikoaren ikusmenetik kanpo egitea“. 

Lapurreta ondoren
“Lapurretarik gertatuz gero nola jokatu jakitea garrantzi-tsua da ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen“. Berehala ohartarazi Udal-tzaingoa, “eta helbide zehatza eta telefono bat adierazi. Beharrezkoa bada, eskatu laguntza medikoa 112 larrialdietarako telefonoan. Ez ezer ukitu eta ez utzi inori sartzen lapurreta izan den lekuan. Ez hartu jarrera heroikorik, pertsonen segurtasuna da garrantzitsuena. Erreparatu erasotzailearen ezaugarriei: adina, garaiera, ilearen kolorea, azentua, janzkera, norantz egin duen ihes eta abar. Informazioa zenbat eta zehatzagoa izan, handiagoak izango dira gaizkilea aurkitzeko aukerak”.