Mozorroei azken ukituak ematen egongo dira herritar asko. Lau aste besterik ez dira geratzen Inauteriak ospatzeko eta Udala eta konpartsa elkarlanean ari dira egitaraua lotzeko. Ttakun K.E. Euskal Inauterietako konpartsaren jarduna antolatzen hasi da eta igandean ohi bezala, Lantz-eko eta Euskal Herriko inauterietako doinuek gure herriko kaleak girotu eta alaituko dituzte.
Entseguak
Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, Inauterietako konpartsako entseguak hurrengo astean hasiko dira. Beraz, konpartsan dantzan atera nahi duten herritarrek, pausoak gogoratu edo euskal dantzetan trebatzen hasi nahi dutenek otsailean zehar izango dute aukera. Entseguak otsaileko astearteetan, otsailak 4, 11, 18 eta 25ean izango dira Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko Sasoetako gimnasioan, 20:00etatik 21:30era.
Era honetara, martxoaren 2ko herriko kaleetatik barrena dantzatuko dituzten doinuak besteak beste, iparraldeko muxikoak edo Ixabel soka dantza ikasiko dituzte. Urtero legez, goiz eta arratsaldean aterako da konpartsa dantzan. Arratsaldean gainera, Okendo plaza iristean hartza erreko dute.
Pertsonaiak
Dantzan atera nahi ez duenak ere, iazkoaren antzera txantxoz janzteko aukera izango du. Baina Ttakun elkarteko kideek aipatu digutenez, euskal inauterietako beste pertsonaiez ere jantzi daiteke.
Hartza, mamoxorro, sorginak, joaldunak... euskal inauterietan hamaika pertsonaia daude eta etxean ditugun oihal edo jantziekin ederki moldatu daiteke besteak beste, Miel Otxinen antzekoa mozorro koloretsua edo zakuz egindako Ziripoten edo ferratzaileen antzekoa.