"Emozioek gorputza baldintzatzen dute"

maider-azurmendi 2014ko urt. 24a, 10:40

Diafreo ikastaroa antolatu du Ttakunek otsaileko astelehenetan. Honakoa gorputzaren bidez, arlo fisikoa, emozionala, mentala eta energetikoa bildu, ikertu eta orekatzen laguntzen duen metodologia da. Giharren uzkurdurak askatuz, hezurdurari eta artikulazioei berezkoa luketen orekara bueltatzen laguntzea du oinarri. Aldi berean, emozionalki uzkurdura horien esanahia ulertuta, tentsioen jatorria sentitu, ulertu eta zailtasunak gainditzeko baliabideak lantzen ditu. Gurutze Irazusta herritarrak gidatuko ditu saioak.

Diafreo metodoan oinarritutako ikastaroa antolatu du Ttakun kultur elkarteak otsailerako. Astelehenetan egingo dira saioak, 3, 10, 17 eta 24ean bi ordutegitan, 15:00etatik 17:00etara eta 17:30etik 19:30era Danok Kideren egoitzan izango dira eta honetara manta eta arropa erosoa eramatea gomendatzen da. Gurutze Irazusta herritarra arduratuko da metodo honetan oinarritutako saioak emateaz. Zarautzen esaterako, taldean egiten ditu saioak eta bestela ere, banakakoak. Oinarrian ariketa ezberdinen bidez gorputza berezkoa lukeen ardatzera bueltatzea laguntzen duen metodoa da.

Gorputz osoaren lanketa
Gurutze Irazustak zehatzako azaldu bezala “diafreoa gorputzaren lanketaren bidez, arlo fisikoa, emozionala, mentala eta energetikoa bildu, ikertu eta orekatzen laguntzen duen metodologia da“.  
Gorputza bere osotasunean lantzen du diafreoak hasi min edo ezinegon fisikoetatik eta hauen eragile izan daitezkeen urduritasun egoeretara edota barne minetara. Metodo hau onuragarria da “muskulaturaren uzkurdurak askatuz, arnasketak landu eta ahotsaren bidea irekiaz, nork bere burua hobeto ezagutzeko aukera ematen digu, tentsioen jatorriak sentitu, ulertu eta zailtasunak gaindi-tzen laguntzen digu. Gure indarrekin bat egin eta gure bizi pozaren jabe egiteko bidean laguntzen gaitu“. Azken helburua lortzeko lanketa luzea beharrezkoa dela dio Gurutze Irazustak. Hala ere, pertsonaren inplikazio mailaren araberakoak dira ere emaitzak. Saioetan oinarrizkoa da egiten diren ariketetan arreta jartzea, arnasketa kontrolatzen ikasi etab.

Gorputza ezagutu
Otsailean bi orduko lau saio egin ahal izango dituzte izena ematen duten herritarrek.  “Hilabete bat denbora gutxi da horrelako lanketa batek ekar ditzakeen onura guztiak ikusi ahal izateko. Horregatik, nire helburua jendeak arnasketa libreagoa eta gorputzeko atal ezberdinak askatu ondoren, norberaren gorputzaren kontzientzia handiago bat izatea ikastaroa amaitzen dugunean“. Urduritasuna, estresa pairatzen dutenentzat “mesedegarria da oso baina orokorrean esan behar da fisikoki, emozionalki, mentalki edota energetikoki eduki dezakegun edozer landu dezakegula teknika honen bitartez“.

Bestalde metodologia  hau askotan emakumeekin lotu izan da baina “gorputz lanketak ez du zerikusirik generoarekin, denek ditugu gure ezinak ume, gazte, heldu...“ Bakarka edo taldeka lan egitearen inguruan Gurutzek argi dauka taldekako lanak beste aukera batzuk ematen dituela. “Talde lanak bakoi-tzaren bizipenak elkarbana-tzeko aukera ematen digu, bakoitzaren espazioa errespetatuz esperientzia trukaketa oso lagungarria eta aberasgarria izan daiteke norberak burutu beharreko bidean“. Bakoitzaren gorputzak dituen blokeoak askatzearen inguruan aipamena egiten du Irazustak “kontutan izan behar dugu gure egoera psikikoak, emozionalak, baldin-tzatzen duela gure gorputza eta alderantziz“. 

Blokeo horiek, sarritan min fisikoa eragiten dutenak dira eta gure gorputzaren jarrera moldeatzen dutenak. Izan ere, giharrek katean funtzionatzen dute eta lepoko mina behin kenduta, besoan hasten gara sentitzen etab. Diafreoak katean, uzkurdurak askatzearen eraginez sor daitezkeenak gelditzeko lana ere egiten du. Diafreoan gehiago sakon-tzeko Malen Cirerolen artikuloa gomendatzen du Gurutze Irazustak. Aldi berean, ikastaroan izena ematera anima-tzen ditu herritarrak.

Izena eman
Ikastaroan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da gaurtik Ttakuneko bulegoan eta urtarrilaren 31 bitartean. Ikastaroak 22 euroko kostua izango du eta bazkideek berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte.