Kultura eskaintza, herriko elkarteekin elkarlanean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urtarrilaren 24a

Lasarte-Oriako Kultura arloak urtean zehar eskainiko dituen ekintzen aurrerapena egin dute gaur eguerdian. Herriko kultura elkarteekin batera prestatutako egitaraua eskainiko da eta hainbat berrikuntza izango da, hala nola, antzerki amateur programazioa.

Boris Nogales kultura zinegotziak eta Xabier Goitia Manuel Lekuona kultur etxeko arduradunak  2014. urtean kultura arloan aurrera eramango diren ekimenak aurkeztu dituzte.

Boris Nogalesek azpimarratu legez, “herriko taldeekin elkarlan handiena egiten duen arloa da kultura eta  haien ekintzak sustatu eta laguntzeaz gain, hauekin batera egitarau osatu bat egiteko aukera ikusi dugu”.

Era honetara, kultura eskaintza indartu eta Manuel Lekuonan ostiralero ekintzaren bat egotea bermatu du Udalak.

Zinea

Kultura buruak azaldu legez, departamentuaren lehentasunetako bat, Lasarte-Orian zinea bultzatzea izan da. 

Lehenik, Okendo zinema taldearen osteguneko zine forumeko filma igandeetan eskaintzen hasi zen. 

Okendo Zinemaren programazioa ez dagoenean, departamentuak lidergoa hartuz, nobedadeak diren pelikulak eskaintzen hasi zen. 

Eta azkenik, zine-foruma ostegunetik-ostiralera aldatu dute, “jende gehiago hurbiltze aldera”. 
Honetaz gain, Danok Kide elkartearekin elkarlanean, Urpeko zine zikloa antolatzen du Udalak. III. zikloa izango da aurtengoa eta otsailaren 3, 10 eta 17an izango da, berrikuntza batekin, “otsailak 10ean goizeko saioa izango da herriko ikastetxeko ikasleei zuzendutakoa”.  

Dantza eta antzerkia

Zinea ez da berrikuntzak izango dituen atal bakarra. 

Haur antzerki, helduei zuzendutako antzerkia edo dantza profesionalaz aparte, herriko kultura eta dantza elkarteekin batera 8 saioetako amateur egitarau bat osatzen ari dela aipatu du Kultura saileko arduradunak. 

“Egoera ekonomikoa dela eta, ezin dira nahi ditugun ikuskizun profesionalak programatu, beraz, egitasmo honen helburua herriko elkarteek programazio amateurra sustatzeko eta programatzeko aukera izatea da”.

Semblante Andaluz, Kukuka Antzerki eta dantza eskola, Erketz EDT, Lan eta Lan antzerki taldea eta Emakumeen zentroko antzerki taldeak haien ekarpenak egingo dituzte. 

Lehenengoa hurrengoa ostiralean, urtarrilaren 31ean izango da Manuel Lekuonan, Lan eta Lanek proposatutako “Sauna Deluxe” . 

Profesionalaren arloan, iaz eginiko esfortzua mantendu nahi du ere Udalak. 

Dantza profesional zirkuitua mantenduko dute, baina Eusko Jaurlaritzak diruz-laguntzen duen Kale antzerkia programa zintzilik dago. 

Hau guztia kontuan izanik, urtean zehar, 8 haur an-tzerki saio; helduen 2 antzerkia saio; amateur egitarauko 8 saio eta Lasarte-Oria Dantza Zirkuituko 3 saio eskainiko dira.

Honetaz aparte, Udalak Semblante Andaluzen Andaluzia eguneko ospakizunetan, maiatzean Erketz EDTk antolatutako Dantzari Txiki egunen eta ekainean Kukukaren Hamabostaldian lagunduko du.

Musika astea

Musikari dagokionez, dagoeneko herriko musika elkarteekin aurtengo musika astea antolatzeko lanean ari direla jakinarazi du. 

“Aurten, astean zeharreko programazioa izan beharrean bi asteburuetako programazioa egitea proposatu dute,” aurreratu du. 

Programazio horretan, lirika, orkestra eta arlo ezberdinetako musika izango da. 

Gainera, elkarteekin hitzartuak dauden ekintzez gain, maiatzean II. Euskal Herriko Batukaden Topaketa izango da eta azaroan Akordeoi Jaialdia ere ospatuko dira. 

Ipuin-kontalaria

Liburutegian ere berrikuntza bat izango da. 

“Orain arte, ikasturte hasieran izaten genuen irakurketa-sustatzeko programa. Aurten, programa urtarrilean hasiko da”. 

Hilabetero euskaraz egingo dira saioak. Kultura saileko arduradunak azaldu moduan, bitan banatu dira saioak. “Batzuk, 3-5 urte artekoak izango dira eta haurrek erabakiko dute zein libururen irakurketa egingo den; besteak, 6 urtetik gorako saioetan, berriz, kontaketak izango dira eta kasu batzuetan, begiraleak mozorrotuta egongo dira” .

Lehen saioa ostegun honetan izango da. 3 eta 5 urte arteko haurrei zuzendutako izango da eta haur liburutegian egingo da 18:00etatik aurrera.

Hurrengo saioak otsailak 11 eta 27, martxoak 11 eta 27, apirila 24, maiatza 13 eta 29 eta ekainaren 10ean izango dira.

Hau guztiaz gain, udan Okendo Zinema taldearekin batera Udako Zinema eta Sendoki taldeak antolatzen duen Santa Ana artisautza azokaren XXX. urteurrena ospatuko direla ere aurreratu