Bidea

Mailu Arruti 2014ko urtarrilaren 24a

Banoa oinez, hurrengo harri hartaraino. Banoa oinez,  hurrengo zuhaitz hartaraino. Mugak helmuga bihurtuz. Zer pentsatzen ote duzue 25 urte eta gero herrira, etxera, etorri zareten neska-mutilok&rdquo? Zer pasatzen ote da zuen buruetatik intimitate xalo eta soilenean? Hainbestetan amestu zenuten momentu horretan, maiteari helduta ohean esna zaudetenean? Banoa oinez, hurrengo koskaraino, banoa oinez, hurrengo adar okerreraino. Mugak helmuga bihurtuz. Beraien bizitzetan txertatu nahi zaituztete. Haur txiki bat bezala eskutik helduta hara eta hona zabiltzate beraiekin. Familia eta lagunekin. Bizitzen irakatsi nahi dizuetela sentitzen duzue. Baina jadanik ez dira lehengo tabernetara joaten, ez dituzte lagun, ohitura , eta gustu berdinak. Zuek duela 25 urteko bizitzan utzi zenituzten. Zuek zahartu zarete, eta beraiek ere bai. Zuen herria ez duzue errekonozitzen. Eraikinak, bideak, trafikoa, teknologia berriak, presa. Denbora gehiegi pasa da. Kontrako pausoan goaz bidean. Pausoa hartu behar dugu berriz. Arnasak bateratu eta hurrengo harriari elkarrekin begiratu. Muga helmuga bihurtuz. Pauso ona aukeratu elkarrekin eraman ahal izateko. Mugak helmuga bihurtu.

Burua altxa eta beti hor egon den ortzi-mugari elkarrekin begiratu. Ortzi-muga helmuga bihurtu. Harainoko bideak Askatasuna izena du. Norabidean asmatzeak ekarriko digu zoriontasuna denoi. BIZI.