Urrian Biyak Bat elkarteko zuzendaritzan haize berriak sartu ziren. Exiquio Perez lehendakariak azaldu digunez, “zuzendaritza berria osatu behar genuen. Manolo Urdanpilleta, Jose Mari Bardaji, Javier Zabala eta Paco Hitak urte asko zuzendaritzan egon ondoren, lana beste ba-tzuen esku uztea erabaki zuten”. Ekainean gainera, Mertxe Galdos lehendakariaren heriotza izan zen eta “galera handia izan genuen orduan. Guztia desorekatu zuen”.
Hauteskundeak urriaren 16an egin ziren. 280 pertsona bildu eta bertan bost kide berri onartu ziren, “bost emakume hauek onespen osoa izan zuten. Sartu ziren bosten eta geratzen ginen lauren artean lanak banatu genituen”.
Era honetara, lan talde berria osatu zen: Exiquio Perez lehendakari, lehendakari-ordea Adela Manso, idazkaria Nicomedes Diez, diruzaina Manuel Ramon eta batzordekideak, berriz, Eladino Ferreira, Maria Jesus Olazabal, Esperanza Martinez, Maria Arranz eta Maria Purificación Rodriguez.
Lan taldeak orain arteko planteamendua mantenduko du.
“Egutegi bat dugu urtean zehar eta ekintza horietatik batzuk ezingo ditugu egin arrazoi ekonomikoak direla eta. Guk jasotzen dugun laguntza handia da. Batez ere, Udala eta Gipuzkoako Foru Aldunditik hartzen ditugu, baina bertan ere laguntzak murriztu dira eta zaila da. Hala ere, orain arte zeuden ekintzak mantentzen saiatuko gara,” adierazi du Exiquiok.
Era honetara, oroimen ikastaroa ezin dutela egin aipatu digute, “Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren diruaz ordaintzen zen begiralea, baina murrizketak direla eta, zerbi-tzu hori bertan behera utzi dute”.
Bestalde, jende faltagatik ere hainbat ekintza kolokan daude, “ehoziriak eta puntua egiten zuen taldea ez da ia batzen. Sukalde ekintzetan ere urte asko daramatzan jendea dago. Baina kostatzen zaigu berriak etortzea”.
Lan handia egiten dute zuzendaritzan. “Bulego bat da, besteak bestela. Baina denetarik dugu. Orain, ekintza berriak jarri edo daudenak aldatzeko gaude lanean”. Manuelek azpimarratu legez, “batzuk lan egiten dugu besteek zahartzaroaz gozatu ahal dezaten. Hau borondatezko lana da, ez da ezer irabazten eta ordu dezente egiten dira lan”.
Ekintzak eta zerbitzuak
Yoga, gimnasia, aerobik, eskulanak, abesbatza, bingoa edo mahai-jokoak. Hainbat ekintza antolatzen ditu astean zehar Biyak Bat elkarteak, baita dantzaldia hainbat asteburuetan ere.
“Bingo, mahai-joko edo karta jokoen zaletu asko dago. Baina orain partxisa bultzatu nahi dugu,” aipatu dute.
Ekintza batzuk elkartean bertan egiten dituzte, baina beste batzuk aerobik eta gimnastikaren kasuan esate baterako, kiroldegian egin behar dituzte.
“Erretiratuen etxea bikaina da, instalakuntzak oso onak dira, ez dakit horrelakorik badagoen Gipuzkoan besterik. Baina muga batzuk ditugu, ez dago areto handirik eta aerobik eta gimnasia kiroldegian ematen dira, jendea asko dagoelako,” azpimarratu du Exiquiok.
Honetaz gain, hainbat zerbitzu ere eskaintzen dizkie elkarteak gure herriko adinduei. Ile-apaindegi zerbitzua, podologia zerbitzua, tentsio hartzea eta urtarrilaren 28tik aurrera, zerbitzu berri bat gehituko dute, quiromasajista.
Manuelek azaldu digunez, “beharrezkoa ikusten genuen bazkideen adina kontuan izanik. Proba modukoa da. Baina ona izango dela pentsatzen dugu”.
Era berean, urtero Adinduen omenaldi astea antolatzen dute Udalarekin batera. Honetan, bazkidearentzat ez ezik herriko jendearentzat ere ekintzak antolatzen dira ibilbide neurtua, adinduen omenaldia, bazkaria... Eta herriko bikoteek haien urrezko ezteiak berriz, ospatzeko aukera ere dute. “Aurten 27 bikote izan dira. Egun ederra izaten da ospatzeko eta oso gustura egiten dugu”.
Txangoak eta bidaiak
Baina ez dituzte ekintzak herrian bakarrik egiten. Txangoak eta bidaiak ere antolatzen ditu herriko elkarteak.
Txangoak martxorik azarora hilabetero egiten dira eta urtero, zortzi-hamar egun bitarteko bi bidai egiten dituzte. “Iaz Cadiz aldera egin zen bat eta Parisera ere joan ziren,” aipatu du Exiquiok.
“Aurten ere bat hegoaldera egingo dugu, baina proiektua da,” aurreratu du Manuelek.
Beste elkarteekin lanean
Eta Gipuzkoako elkarteak antolatzen dituen hainbat ekintzetan ere parte hartzen dute.
“San Pedroko mahai-joko eta mugimendu jokoetako txapeldunak urrian Astigarraga, Donostia, Irun, Eibar....beste elkarteetako irabazleekin batzen dira Donostian eta Gipuzkoako txapelketa egiten da,” aipatu du Exiquiok.
Honetaz gain, urtero Gipuzkoa osoko elkarteak bil-tzen dituen ibilbide neurtuan ere izaten dira lasarteoriatarrak. “600-640 biltzen gara. Elkarte bakoitzeko lau-zortzi kide eta urtero leku desberdin batean egiten da Tolosa, Zumarraga, Beasain. Aurten Altzan izan da”.
Aurten gainera, Altzan egin diren abesbatzen topaketetan edo gastronomia txapelketan ere parte hartu dutela jakitera eman dute.
Kide berriak
Egun zuzendaritzako kideek aipatu digutenez, 2500 bat bazkide daude elkartean. “Urtero egiten da bataz bestekoa, baina badago jendea ez dena bi urteetan etorri eta ez dakiguna berriro etorriko den edo ez“ .
“85 urte baino gehiago dutenek ez dute kuotarik ordaintzen. Bada jendea ekin-tza puntual batean parte hartu nahi duena eta horregatik izena ematen duena,“ azaldu du Exiquiok.
Baina Manuelek aipatu digunez, “normalean erretiratu eta gero, urte batzuk igarotzen dira hona etorri baino lehen. Ni bezalako kasu arraroak kenduta. Batzuk izena ematen dute eta urte batzuk etorri gabe egiten dituzte, gero pixkanaka gerturatzen dira”.
Elkarteak kide berriek ateak irekiak dituztela aipatu dute, “parte-hartzera edo laguntzera etor daitezke”.
“Baina muga batzuk ditugu. Ez daitezela guztiak batera etorri,” adierazi digute barre artean.
Ez ohiko batzarra
Hau guztiaz gain, bihar, 18:00etatik aurrera, Biyak Bat elkarteko tabernan ez ohiko batzarra izango dela ere jakinarazi digute. “Idazkari berria aukeratu behar dugu. Egun dagoenak arazo pertsonalengatik utzi behar du eta pertsona bat beharko genuke”.
Honetaz gain, ekintza berriak aztertu eta zentroan egiten diren ekitaldiei buruz mintzatuko dira. Zuzendaritzako kideak bazkideak gonbidatzen dituzte batzarrera.